12:30ak aldera Gasteizko Suhiltzaileek jakitera eman dutenez, bi langile ospitaleratu behar izan dituzte intoxikatuta, Dato eta Alaba Jeneralaren kaleen arteko bidegurutzeko Udal Ogasunaren eraikin zaharreko obretan makina batek sortutako karbono monoxidoa arnasteagatik. Bertan luxuzko etxebizitzak eraikitzen ari dira.
11:00ak aldera hasi da arazoa, bizilagunek gas usain handia antzeman dutenean. Antza denez, eraikinaren sotoan martxan zegoen sorgailu elektriko batek eragin du intoxikazioa, aireztapen txarraren ondorioz. Hainbat iturriren arabera, gutxienez zortzi izan dira lan istripuan zauritutako langileak, larritasun maila desberdinetan bada ere.
Horrez gain, suhiltzaileek inguruko atariak aztertu dituzte monoxido kontzentrazio handiak baztertzeko: aireztapena eginda, balioak "onargarriak" zirela ondorioztatu dute. Suhiltzaileez gain, Udaltzaingoa eta larrialdietako osasun zerbitzuak bertaratu dira. Dato kalea ordubete baino gehiagoz izan dute itxita, larrialdi zerbitzuei lekua uzteko.