Sute bat piztu da Santo Domingo kaleko etxebizitza batean

Erredakzioa 2023ko abenduaren 27a

Suhiltzaileak Santo Domingo kalean. Argazkia: @BomberosVG

Okupatutako etxebizitza batean jazo da ezbeharra. Gutxienez bi lagun eraman behar izan dituzte ospitalera, kea arnasteagatik zaurituta. Pertsona horiek "zaurgarritasun egoeran" daudela ohartarazi du Etxebizitza Sindikatuak.

Bart goizaldean, 03:00ak aldera, sua piztu da Santo Domingo kaleko 18. zenbakiko etxebizitza batean, Gasteizko Alde Zaharrean. Larrialdi Zerbitzuak jakitera eman duenez, okupatutako etxebizitza batean gertatu da sutea.

Suhiltzaileen oharraren arabera, gutxienez bi pertsona eraman dituzte ospitalera, kea arnasteagatik zaurituta; hala ere, hainbat hedabidek hiru zauritu izan direla aipatu dute. Horrez gain, inguruko zenbait etxebizitza hustu behar izan dituzte sutearen ondorioz, eta hogei bizilagun baino gehiago atera behar izan dituzte etxetik.

Ordubete inguru behar izan dute sua itzaltzeko, baina goizean zehar desalojatutako bizilagun gehienak euren etxeetara itzuli ahal izan dira. Antza denez, sutea beheko pisuan hasi da, eta ondoren eraikin osora zabaldu da, hirugarren solairuraino.

Ertzaintzak eta suhiltzaileek ikerketa abiatu dute gertakariaren nondik norakoak argitzeko. Eraikuntza zaharra da, eta azken urteetan bizilagunek eta auzo elkarteek Santo Domingo kaleko etxebizitzen egoera tamalgarria salatu dute behin baino gehiagotan.

"Kriminalizazioa"

Asteazken arratsaldean zabaldutako ohar batean, Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak sutearen biktima izan diren bizilagunen inguruko informazio gehigarria plazaratu du, "okupa etiketa besterik gabe erabiltzeak haien burua okupatzera behartuta ikusten dutenen kriminalizazioa eta bizi duten egoera lazgarriaren errudun egitea" dakarrela salatuz.

Santo Domingo kaleko etxebizitza horietan bizi direnak "zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak" direla azpimarratu du sindikatuak, "inolako beste alternatibarik topatu ez eta etxebizitza okupatzea erabaki zutenak".

Azaldu dutenez, alde batetik, adineko bikote bat zegoen, "aurretik etxegabetuak izan eta gero, gizarte zerbitzuen laguntzarik jaso ez zutenez, etxebizitza alternatibarik gabe". Bestetik, 18 urte betetzerakoan bakarrik dauden adingabe migratuentzako Bideberri udal zerbitzutik kanporatutako zenbait gazte zeuden.

"Zaurgarritasun egoerak eta etxebizitza alternatiba ezak bultzatzen dute proletalgoa halako egoera arriskutsura eta miseriazko baldintzetara", ohartarazi du Etxebizitza Sindikatuak. "Beraz, seinalatu beharreko erantzuleak instituzio burgesak dira, etxebizitza merkatuaren sistema betikotzen duten bitartean proletalgoa etxebizitzetatik kanporatzen baitute, gaurkoa bezalako babesgabetasun egoeretara kondenatuz".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago