Judimendiko Gazte Asanbladak 25 urte beteko ditu 2024an

Erredakzioa 2023ko abe. 21a, 16:30
Judimendiko Gazte Asanbladako kideen agerraldia. Argazkia: JGA

2024ko maiatzaren 4an bere 25. urteurrena ospatuko du Judimendiko Gazte Asanbladak, 'Gazte antolakuntzaz, auzoa eraiki' lelopean. Bitartean, feminismoa, euskara, etxebizitza, joko aretoen problematika eta jai herrikoiak lantzen jarraituko dute.

25 urte igaro dira jada Judimendiko Gazte Asanbladak bere jarduna hasi zuenetik, eta 2024 urte berezia izango da haientzat. Izan ere, urteurren borobila ospatzeko aukera baliatuko dute, "lehen urteetako indar berdinarekin auzoko kaleak astintzen" jarraitzen dutela aldarrikatuz.

Xehetasun gehiago eman aurretik, data bat gordetzera deitu dute: maiatzaren 4an ospatuko dute 25. urteurrena, Judimendiko Gazte Asanbladaren kide izan direnek eta gaur egun direnek elkarrekin eta "indarrez beteta", Gazte antolakuntzaz, auzoa eraiki lelopean. Gainera, iritsiko diren bestelako ekimenekin batera, logo berria aurkeztu dute:

"Nork esango zien 1999an asanblada sortu zuten gazteei haiek hasitako borrokak gaur egun jarraipena izango zuela? Noski baietz, horretan gaude eta jarraituko dugu", azpimarratu dute. Horregatik, ikasturte honetan, azken 25 urteetan landutako esperientziak eta dinamikak gogoratuko dituzte, bai eta horietako batzuk berrartu ere, gaur egungo borroketan sakontzearekin batera: "Gazte militantziak merezi duela argi dugulako, gazte antolakuntzaz auzoa eraikitzen jarraituko dugu!".

Hamaika borroka

"Asko izan dira jorratu izan ditugun borrokak, eta horien adibide dugu feminismoa. Euskal Herri mailan indarrez sartu zen mugimendua, eta gazte asanblada ez zen atzean geratu", aldarrikatu dute. "Gai honetan aurrerapenak izan diren arren, aurten ere lana egiteko dagoela jakitun, zaintza eskubidea defendatu eta auzoko emakume gazteak saretzen jarraituko dugu".

Horrez gain, auzoa euskalduntzen arituko dira, "euskara gure nortasunaren oinarrietako bat dela" ulertzen dutelako. "Iaz argi utzi genuen euskaraz hitz egitea ekintza iraultzailea dela eta, beste behin, Korrika bezalako ekimenak baliatuko ditugu mezu hori sozializatzeko".

Era berean, urteetan auzoko gazteek jorratu duten beste problematika garrantzitsu bat salatzen jarraituko dute: "Etxebizitza lortzeko ezintasuna eta gazte espazioen beharra. Horren aurrean, etxebizitza sozialen beharra eta okupazioa alternatiba errealtzat ikusten dugu", adierazi dute. Norabide horretan, Sumendi Espazioa "gazte asanbladaren proiektu izatetik, Gasteizko okupazio mugimenduaren parte izatera" igarotzea ospatu dute.

Bestalde, auzoko joko aretoaren kontrako dinamika berrartuko dute. "Atzean geratu dira gazte asanbladak lortutako aurrerapauso eta aldarrikapen guztiak, eta esperientzia horretatik ikasi eta borroka berpiztera gatoz aurten. Gazteongan hainbeste kalte pertsonal eta ekonomiko eragiten dizkigun gaitz honen aurka antolatzen jarraituko dugu", iragarri dute.

Azkenik, urtero bezala, Judimendiko Gazte Asanblada auzoko jaien antolakuntzaren parte aktibo izango dela aurreratu dute. "Kontsumotik eta gaur egungo aisialdi eredutik haratago, jai herrikoiak defendatu eta gazteoi zuzendutako egitarau alternatiboa eskaintzera goaz. Formakuntzak, tailerrak, kirola eta elkar ezagutzeko espazioak izango dira, besteak beste, eskaintza horren oinarri", aurreratu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide