Abenduaren 27an, 28an eta 29an, asteazkenetik ostiralera, Montehermoso Kulturunea antzerki, dantza, zirku eta bestelako arte eszenikoen agertoki bihurtuko da berriz ere, 150 Gramo jaialdiaren XII. edizioari esker. Erakustaldiak hamabi lan labur eskainiko ditu, egun bakoitzeko lau, eta denak estreinaldiak izango dira.
Arte eszenikoak ohiko antzokietatik atera eta audientzia ezberdin batera gerturatzea, artisten eta ikusleen arteko gertutasuna bultzatzea, sorkuntza artistikoa sustatzea eta publiko berriak erakartzea dira 150 Gramo jaialdiaren helburu nagusiak, eta 2023ko edizio honetako proposamenak askotarikoak dira, arte, diziplina eta jatorriari dagokionez.
Euskarazko eskaintza bi konpainiaren eskutik iritsiko da aurtengo programazioan: abenduaren 28an, ostegunean, Goitibera taldearen Amaxit Dixit lanaren txanda izango da; ostiralean, berriz, Tartean Teatro konpainiaren Hamalau bakarrizketa ikusteko aukera izango du publiko euskaldunak.
Bi lan horiez gain, gaztelaniazko bost antzezlan eta testurik gabeko beste bost izango dira. Horien artean, bi nabarmendu dituzte antolatzaileek: El conserje, bertsoa erabiltzen duen antzezlan garaikidea, Unai Garcia Amaro antzerkigile eta idazlearen eskutik; eta Simposio, Compagnia Bellanda konpainia italiarraren dantza ikuskizuna.
Raul Camino jaialdiaren antolatzaileak azaldu duenez, aurten 152 proposamen jaso dituzte, eta "gero eta zailagoa da aukeraketa egitea, maila altua dagoelako". Bere aldetik, Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak eskerrak eman dizkie jaialdiaren antolakuntzan dabiltzan El Mono Habitado eta Pez Limbo konpainiei, eta proposamenaren "formatu freskoa, bizkorra eta askotarikoa" aldarrikatu du.
Sarrerak eta abonamenduak
Astelehenetik salgai daude abonamenduak, abonos150gr@gmail.com helbide elektronikoaren bidez. Sarrera solteak Montehermoson bertan erosteko aukera egongo da, honako data eta ordutegietan:
- Abenduak 20, 21 eta 26: 18:30etik 20:00etara
- Abenduak 26, 27 eta 28: 12:00etatik 14:00etara
- Abenduak 27, 28 eta 29: 17:00etan
EGITARAUA