Autodefentsa Juridikorako Gida aurkeztu dute, Gasteizen errolda eskatzeko

Erredakzioa 2023ko abe. 21a, 13:30
Prentsaurrekoa, Gasteizko Udalaren bulegoen aurrean. Argazkia: Auzoan Bizi

'Erroldarik gabe, izaterik ez' kanpainaren barruan, 'Autodefentsa Juridikorako Gida: Gasteizen erroldatzeko eskaera' aurkeztu dute, erroldaren problematika "autodefentsa eta antolakuntza bitartez" borrokatzeko helburuarekin.

Autodefentsa Juridikorako Gida: errolda eskaera Gasteizen ezagutzera eman dute gaur, Gasteizko Udalaren bulegoen aurrean eskainitako prentsaurreko batean. "Indibidualki aurkezten zaigun erroldaren problematika, autodefentsa eta antolakuntza bitartez kolektiboki erantzuteko eta irtenbide bat borrokatzeko" helburua du tresna berriak.

Apirilean, Gasteizko hainbat kolektibok Erroldarik gabe, izaterik ez! kanpaina aurkeztu zuten, "erroldaren problematika azaleratu, Udala erantzuletzat seinalatu eta konponbide bat" exijitzeko. Besteak beste, Auzoan Bizi Etxebizitza Sareak, Errekaleor Bizirik-ek, Batuta Elkarlaguntza Sareak, Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba eta Gasteizen Inor ez Etxerik Gabe plataformak parte hartu dute dinamika horretan.

"Errolda bera eskubide eta betebehar bat da, herritar ororen ardura da bizi den tokian erroldatzea, eta bertako administrazioarena errolda bideragarria izatea norbanako ororentzat. Udal administrazio bakoitzak erroldaren erregistroaren bidez bere biztanleria mailara egokitu ahal du udal kudeaketa", aldarrikatu dute.

"Praktikan oso bestelakoa da, ordea, erroldaren funtzio eta irisgarritasuna", ohartarazi dute. "Euskal Herrian, beste toki batzuen moduan, baliabide eta eskubide ezberdinetarako sarbidea bihurtu da errolda gaur egun. Horrek, erroldarekiko lotura eta menpekotasuna handitzen duelarik".

"Lege orokorrak dioenez, erroldak bizi zaren tokia erregistratu beharko luke, zure bizilekuko egoeraren erregulartasun edo irregulartasunak edota jabetzaren eztabaidek inongo zer ikusirik izan gabe. Errolda izatezko egoeren erregistro bat da, hau da, pertsona bakoitza benetan non bizi den erregistratu behar du, ez da zuzenbideko erregistro bat (jabea den edo kontratu bat duen); horretarako, beste erregistro batzuk daude, hala nola Jabetza Erregistroa", azaldu dute. "Hau da, Kalean edo etxe batean bizi, etxea kontratuarekin edo kontraturik gabe izan edota okupatzen bizi, ez da kontutan hartu beharreko baldintza erroldatzeko, berez".

Beren ustez, Gasteizen Udalaren erroldatzeko baldintzek "etxe jabeen esku uzten dute erroldatzeko eskumena, eta, ondorioz, etxe jabeen gehiegikerien eta erroldaren merkatu beltzaren konplize zuzena da Udala".

"Etxebizitzaren gatazkarekin guztiz erlazioan dago erroldaren problematika eta instituzioek jabetza pribatua defendatzen dute beste edozein eskubideren gainetik. Horregatik uzten dute etxejabeen esku erroldatzeko eskumena. Apirilean guzti hau mahai gaineratu eta Udalari exijitu genion erroldatzeko baldintzak bertan behera uzteko, Gasteizen bizi den jende asko -migratu eta pobreak batez ere- erroldatik kanpo uzten baitzituen", gogora ekarri dute.

"Migratu askorentzat, gainera, errolda izatea existitzeko baldintza da, izan ere, administrazioek erroldatuta egoteko eskatzen diete erregularizatzeko prozesu administratibo luzea hasi ahal izateko. Gaur, Udalak inongo erantzunik edo aldaketarik egin ez duela ikusita, guk borrokaren bidean beste pausu bat ematen dugu".

Hain zuzen ere, egoera hori aldatzeko erreminta berri bat aurkeztu dute: Autodefentsa Juridikorako Gida.

JARRAITU BEHARREKO IZAPIDEEN AZALPENA

Gidak hiru zati ditu: lehenengoa sarrera labur bat da, Udala gaur egun zer baldintza eskatzen ari den azaltzen duena; eta bigarren zatia, praktikoa, bi prozedura mota bereizten dituena, A prozedura eta B prozedura.

A prozedura bizilekua duten, baina legezko titulurik ez duten pertsonentzat.

Hau da, modu egonkorrean bizi dira etxebizitza batean edo beste leku mota batean, baina ez dute bertan bizitzeko legezko titulurik. Adibidez, alokairu batean daude, baina ez diete kontraturik egiten, etxebizitza batean okupatuta daude, edo infraetxe batean bizi dira, bizigarritasun-zedularik gabe.

1. Kasu horietan, lehenik eta behin, etxebizitza edo leku hori beren bizileku dela egiaztatzen duen dokumentazioa bildu behar dute. Edozein dokumentu mota izan daiteke (lanekoa, administratiboa, hezkuntzakoa, hornidura-fakturak, eta abar).

2. Informazio hori biltzen dutenean, gidarekin batera doan I. eranskina osatu beharko dute, datu pertsonalekin. Eta horren ondoren, dena aurkeztu behar da (IV. eranskina, Udalaren eskaeretarako eredu estandarizatua; I. eranskina, kasu horietarako; bildutako dokumentazioa, eta nortasun-agiriaren kopia bat) Gasteizko Udalaren herritarren arretarako edozein bulegotan. Eta garrantzitsua da dokumentazio hori aurkeztu dutela frogagiri bat eskatzea.

3. Ondoren, Udalaren erantzunaren zain egon beharko dute.

- Udalak erroldatzea onartu beharko luke, hala bada, konponduta egongo litzateke.

- Ukatuz gero, berriz jarri beharko ginateke gurekin harremanetan, ukapen horren aurkako errekurtsoa jartzen laguntzeko. Eta orduan, bide administratiboan edo zuzenean epaitegian errekurrituko dugu, kasu bakoitzaren arabera ikusiko dugu.

- Edo erantzuten ez badute, isiltasun horren ondorioa positiboa izango litzateke, hau da, erroldatzea onartuta geratuko litzateke, baina horretarako, gurekin ere harremanetan jarri beharko dute, Udalari ondorio hori onar dezan eskatzen laguntzeko.

Bestalde, B prozedura bizitegi-bazterketako egoeran dauden pertsonentzat pentsatuta dago, hau da, kalean dauden eta etxebizitzarik ez duten pertsonentzat.

Kasu horietarako Errolda Sozialaren figura dago, eta horren bidez Udalak horretarako prestatutako helbide batzuetan erroldatu daitezke. Eskatu ahal izateko, urrats hauek egin behar dira:

1) Lehenik eta behin, Udaleko gizarte-zerbitzuek gutxienez hiru hilabete lehenago eman beharko diete arreta. Horretarako, garrantzitsua da Gizarte Zerbitzuei arreta ematen ari zaizkigula erregistratzeko eskatzea, kasu batzuetan, denbora hori daramaten arren, ezin dutelako frogatu. Ez badute denbora hori betetzen, epea bete arte itxaron beharko dute.

2) Gutxienez hiru hilabete badaramatza, gizarte-langilearengana edo artatzen ari den gizarte-zerbitzuarengana jo beharko dute, eta txosten bat egiteko eskatu. Horretarako, beste eranskin bat emango dugu (II. eranskina). Kasu honetan, lehen bezala, garrantzitsua da aurkeztu izanaren frogagiri bat geratzea.

3) Zergatik? Txosten hori emateari uko egiten badiote, normalean egiten duten bezala, idatziz egin beharko dute. Hala bada, gurekin harremanetan jarri beharko dute, ukapen horren aurkako errekurtsoa jartzen laguntzeko.

4) Txostena jaso ondoren, Herritarren Arretarako bulegoetan aurkeztu beharko dute, gizarte-errolda eskatzeko, honako agiri hauekin batera: Udalaren Instantzia Orokorrarekin batera (IV. eranskina), III. eranskina, eta nortasun-agiriaren fotokopia.

5) Aurkeztu ondoren, Udalaren erantzuna jaso beharko dute. Onartzen badute, konponduta egongo da. Ukatu egiten badute, gurekin harremanetan jarri beharko dute ukapen horren aurkako errekurtsoa jarri ahal izateko. Eta erantzuten ez badute, isiltasun positiboaren eragina aplikatuko da eta erroldatuta egoteko eskubidea izango du, baina eskatu egin beharko dute, horretarako, ere gurekin harremanetan jarri behar dira.

Nola eskuratu gida?

Autodefentsa Juridikorako Gida @ErrroldarikGabe sare sozialetan topa daiteke, Twitter eta Instagramen, eta paperean nahi izanez gero, Gasteiz Txiki Alde Zaharreko Auzo Elkartean. "Ahalik eta jende gehiena bide hau hartzera bultzatzen dugu. Izan ere, salaketa indibidualak borroka kolektibo bilakatuz Udalak erroldarekiko duen erantzukizuna azpimarratu nahi dugu, orain arte darabilen kudeaketa salatu eta presioa egin ezinbestekoak diren aldaketak burutu ditzan", aldarrikatu dute.

"Baina ez hori bakarrik, errolda denontzat izatearen borroka ez dugu soilik aldaketa administratibo baten baitan ulertzen. Klase antagonismoaren baitan, zapalkuntza estrukturalaren enegarren aurpegi hau jasaten dugun subjektuak artikulatu eta antolatzeko helburua ere bada gurea. Autodefentsaz, antolakuntzaz eta borrokaz indarrak metatu, eta aldatu behar den guztia aldatzeko", gaineratu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide