Jendetza bildu da Gabonetako Azoka tradizionalean

Erredakzioa 2023ko abe. 21a, 13:00

Ostegun honetan, 09:00etatik 15:00etara, ehun postutako produktuak eskainiko ditu Gabonetako Nekazaritza Azokak, Plaza Berrian eta Memoria Plazan. Aurten dastatzeak, zozketak, animazioa, musika eta bertsoak izango dira ere.

Urtero bezala, Gabon Gauaren aurreko ostegunean, Vital Fundazioak Gabonetako Nekazaritza Azoka tradizionala antolatuko du gaur, abenduaren 21ean. 09:00etatik 15:00etara, ekoizleen 99 postu, Arabako produktuen uztartze-dastaketak, musika animazioa, dastatze solidarioa, Arabako produktuen zozketa eta Vital Fundazioaren 2024ko egutegiaren banaketa izango dira, besteak beste.

Sei hamarkadako tradizioari eutsi dio azokak, eta gaur egun bi gune ditu: Plaza Berria, produktuen merkatua hartzen duena; eta Memoria Plaza, postu gastronomiko gonbidatuentzako eta musikarekin lotutako jarduera osagarrietarako espazioa.

Aurten 81 saltzaileren esku izango dira ia 100 postutan banatuta; horietako 42 Arabatik datoz (%52), eta gainerakoak Euskal Herriko beste probintzietatik zein beste eremu geografikoetatik iritsiko dira: Girona, Ourense, Salamanca... Artisautza, hestebeteak, kontserbak, gaztak, ogia, gozogintza, gozokoak, ardoak, likoreak eta sagardoa izango dira nagusi postu kopuruari dagokionez, baina lekaleak, barazkiak, frutak, eztia, pateak, lorezaintza eta beste elikagai batzuk ere topatuko dituzte Gabonetako erosketak egitera hurbiltzen direnek. Gainera, lau postu gonbidatu izango dira, eskaintza osatzeko: taloak egiteko bi postu, kroketak egiteko postu bat eta basa-oiloaren eratorriak egiteko postu bat, hanburgesak eta saldarekin.

Nobedadeak

Aurtengo edizioan berritasun ugari izango dira. Adibidez, 12:00etatik aurrera, dastatze solidarioa izango da, Egibideko Ostalaritza Eskolaren eskutik. Euro baten truke, pintxo biren artean aukeratzeko parada egongo da: alde batetik, onddoen eta gaztainen parmentierra arrautza galdarraztatuarekin eta basa-txerri urdaiazpiko zatitxoekin; bestalde, txitxirioen erregosia azarekin, buztanarekin, txerri-eskuekin eta shiitake salteatuarekin. Bildutako dirua Elikagaien Arabako Bankura bideratuko du Vital Fundazioak.

Bestalde, musika animazio ibiltaria izango da Gesaltza Fanfarrearen eskutik, 10:00etatik 12:00etara. Bertsolariak arituko dira ere, 12:00etatik 12:45era. Eta, gainera, Buffalo Club talde gasteiztarrak kontzertua eskainiko du 13:00etan. Nobedadeen artean, gainera, goiz osoan zehar speaker bat ariko da merkatua animatzen eta egiten ari diren jardueren berri ematen.

Zozketa

Horrez gain, hamabi produktu sortaren zozketa egingo dute, eta horietako bi formatu handikoak izango dira: Arabako Errioxako ardoa, garagardoa, gazta, hestebeteak, eztia, perretxikoak, euskal pastela eta boilurrarekin, besteak beste. Salmenta bakoitzean, saltzaileek txartel zenbakituak emango dizkiete bezeroei, egindako erosketaren zenbatekoaren arabera: 10 euroko erosketa bakoitzeko, txartel bat.

Zozketa ostegunean bertan egingo dute, 14:00etan. Irabazleen izenak Vital Fundazioaren stand batean, www.fundacionvital.eus webgunean eta erakundearen sare sozialetan kontsultatu ahal izango dira. Eta loteak abenduaren 29ra arte jaso ahal izango dira Kordoi Etxean, Aiztogile kaleko 24. zenbakian.

Egutegiak

Lehenengo aldiz, Vital Fundazioak 10.000 horma-egutegi banatuko ditu, doan, plazan egongo den stand batean, erosketak egitera hurbiltzen direnen artean. Arabaren hegoak lelopean, 2024ko egutegia lurraldeko biodibertsitatea osatzen duten hegaztien aberastasunari buruzkoa da, eta ekoizpen propioko irudi ikusgarriak biltzen ditu hil bakoitzean.

Uztartze-dastaketak

Plaza Berriko azoka nagusiaz gain, Memoriaren Plazan karpa bat jarriko dute Arabako produktuen uztartze-dastaketak egiteko, 09:00etatik 14:30era. Bertan, ahozko kontalari batek animatutako sei uztartze-dastaketa egingo dituzte, eta Arabako Errioxako ardoak eta Arabako bermuta, gaztak, txokolateak, marmelada, oliba olioa, hestebeteak, garagardoa eta gildak dastatzeko aukera izango da.

Saio bakoitzean 25 plaza izango dira, eta aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da, Vital Fundazioaren webgunean, 2 euroko prezioan. Bertan bildutako dirua ere Arabako Elikagaien Bankura bideratuko dute.

EGITARAUA

PLAZA BERRIA

09:00–15:00 Nekazaritza merkatua eta beste jarduera batzuk

  • 10:00-12:00 Girotzeko musika Gesaltza fanfarrearen eskutik
  • 12:00 Elikagaien Arabako Bankuaren aldeko dastatze solidarioa
  • 12:00-12:45 Bertsolariak
  • 13:00-14:00 Buffalo Club taldearen kontzertua
  • 14:00 Arabako produktu sorten zozketa

MEMORIAREN PLAZA

09:00-14:30 Arabako produktuen uztartze-dastaketak

  • 09:00 Gazta eta marmelada
  • 10.00 Oliba olioa eta hestebeteak
  • 11:00 Txokolatea eta bermuta
  • 12:00 Gazta eta ardoa
  • 13:00 Gazta eta ardoa
  • 14.00 Garagardoa eta gildak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide