Azken urteotako joerari eutsiz, azaroaren bukaeran iragarri zuten Gasteizko areto, taberna eta hotel ugarik Gabon Zahar Gauean gero eta ohikoago bihurtu diren kotilioietarako sarreren salmenta abian zela.
Garaiz iritsi behar ote zuten baieztatu ezinik ibili ostean, zerrenda horretara batzen azkena Izaskun Arrue Kulturgunea izan da, eta honakoan ere, beste kasu batzuetan gertatu bezala, sarrerak salgai jarri eta ordu gutxira agortu dira.
Ilara luzeak izan ziren atzo goizeko lehen ordutik Izaskun Arrue Kulturgunean, eta espero zutena baino erantzun positiboagoa jaso zutela baieztatu dute antolatzaileek: "Gasteiztarrek antzokiaz gozatzeko gogoa dutela ikusi dugu, eta oraindik azken orduko kontu ugari ixteko dagoen arren, ospakizuna guztion atseginekoa izango dela espero dugu", adierazi dute.
Hilabeteak dira Gasteizko euskaltzaleak Izaskun Arrue Kulturguneak ateak noiz ireki zain daudela, eta etengabeko atzerapenen ostean, azkenik, Gabon Zahar Gauean bertaratzeko aukera izango dute sarrera eskuratzea lortu duten ehunka lagunek.
Gonbidapenak zozketan
Lazarraga Kultur Elkartearekin lortutako akordioari esker, ALEAkideek ere kotilioiaz gozatzeko aukera izango dute. Guztira, hamar gonbidapen bikoitz izango dira zozketan Gabonetako zozketa berezi honetan.