Izena eman zuten 2.940 lagunetatik, 2.580 atletek hartu dute igande honetan Gasteizko Maratoi Erdiaren 45. edizioan, 21,097 kilometroko lasterketaren gizonezkoen eta emakumezkoen kategorietan. Horrez gain, beste 400 haur eta gaztetxo inguruk korrika egin zuten proba txikian.
Zero azpiko tenperatura baxuek markatutako goiz batean, Urko Herran izan zen azkarrena gizonezkoen kategorian, hirugarren aldiz jarraian. LEA La Blanca taldeko atletak konpainia izan zuen 10. kilometrora arte; lasterketaren erdialdetik aurrera, bideari bakarka ekin zion, eta 1:06:28ko denborarekin iritsi zen, iazko bere marka hobetuta. Minutu bat pasatxoko aldearekin iritsi zen Miguel Risco salamancarra (1:07:31). Azkenik, podiuma osatuz, Carles Montllor kataluniarra (1:08:04) heldu zen.
Emakumezkoen kategorian, Onditz Iturbe igorretarrak lortu zuen urrezko domina, 2021eko garaipena berretsita. Lasterketa osoan liderra izan ondoren, probaren erdialdean erritmoa bizkortu zuen, eta 1:16.28ko denborarekin iritsi zen helmugara, 1999an Nieve Zarzak lortutako errekorra (1:17:45) gaindituz. Bere atzetik iritsi ziren Barbara Ramon katalana (1:19:49) eta Maria Zorroza bizkaitarra (1:20:14).