Florida Parkera itzuli da Gabonetako Azoka

Erredakzioa 2023ko abenduaren 15a

Gazta postu bat Gabonetako Azokaren aurreko edizio batean. Argazkia: Aenkomer

Abenduaren 15etik urtarrilaren 7ra bitartean izango da martxan Aenkomerrek antolatutako tokiko ekoizleen azoka. Inaugurazioa ostiral honetan izango da, 19:00etan, Manuel Iradier Abesbatzaren emanaldiarekin.

Gaur itzuli da Gasteizko Gabonetako Azoka, lau postu berrirekin. Aenkomer Arabako merkataritza eta zerbitzuetako enpresarien elkarteak antolatzen du urtero, Gasteizko Udalarekin, Arabako Foru Aldundiarekin eta Vital Fundazioarekin lankidetzan, eta aurten bigarrenez jarriko dute Florida Parkean.

Europa erdialdeko Gabonetako azoketan oinarrituta, "tokikoaren esentziari" eustea du helburu. "Eguberrietatik oso hurbil daude egun hauetan, bertako merkataritza eta produktuen garrantzia ezagutarazteko eta mantentzeko aukera emango du azokak, Gabonetan hain berezia den Florida Parkean", aldarrikatu du Aenkomerreko zuzendari Edurne Parrok.

Ostiral honetan, abenduaren 15ean, 10:30ean ireki dituzte ateak, baina inaugurazio ofiziala 19:00etan izango da, Manuel Iradier abesbatza protagonista izango duen ekitaldiarekin. Gaurtik aurrera, hiru aste izango dituzte azoka bisitatu eta bertako produktuak erosi nahi dituzten gasteiztarrek.

Aurten, 38 saltzaile izango dira, denak Gasteizkoak edo Arabakoak, eta egurrezko hamalau etxolatan txandakatuko dira astez aste, Gabonetako eskaintza zabalduz. Gainera, izotz-pista, haitzulo berritua eta Belen Monumentala izango dituzte parean.

Postuez gain, tokiko merkataritza eta produktua ezagutarazteko eta sustatzeko hainbat jarduera eskainiko dituzte:

  • Dastatzeak: lau saio antolatuko dituzte Gasteizen eta beste lau Aiaraldean, Agurainen eta Arabako Errioxan.
  • Lehiaketa gastronomikoa: hamar elkarte gastronomikok hartuko dute parte, tokiko produktuaren kontsumoan oinarritutako proposamen bat eginez: garbantzuak ganbekin.
  • Sentsibilizazioa: sare sozialen bidez tokiko produktuak erostearen garrantziari buruzko kanpaina egingo dute.
  • Erosketa bonuak: irratian eta sare sozialetan, azokan kontsumitzeko bonuak irabazteko zozketak eta txapelketak egingo dituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago