Hamar urte bete ditu Gasteizko Baratza aretoak, eta egindako ibilbidea ospatzeko jaia egingo dute larunbat honetan, hilaren 16an. Musika, dantza, antzerkia eta beste hainbat sorpresa izango dira, 19:00etatik 03:00etara luzatuko den jaian.
Ospakizunerako prestatutako edo egokitutako lanak izango dira larunbatean aurkeztuko dituzten guztiak. Kalakalab eta Monstrenkoren Corriente continua piezarekin emango diote hasiera, 19:00etan, Txubio Fernandez de Jauregi eta Ricardo del Conderekin; J. B Pedradasen Un hombre para la pieza lana aurkeztuko dute ostean; Itziar Rekalde eta Garazi Lopez de Armentiaren eskutik, Hamartratu lana taularatuko dute; eta Idoia Zabaletak Pasándolo pipa lana eramango du Aldabe plazako aretora. Luntxa eta zuzeneko musika ere ez dira faltako, beste sorpresa batzuen artean. Sarrerak webgunean eros daitezke aurretik, edo egunean bertan 5 euroan.
Hamarkada bat
Hamar urte igaro dira Garazi eta Unai Lopez de Armentiak Gasteizen arte eszenikoetarako espazio bat sortzeko ametsa gauzatu zutenetik. Hamar urte hauetan gauza asko gertatu dira areto barruan zein kanpoan, eta gogo eta ilusio berarekin jarraitzen dute. "Erresistentzia ekintza hau ez da hemen amaitzen. Artea eta kultura, egunetik egunera, guztien bizitzaren parte izan daitezen borrokatzen jarraituko dugu". Scratxe gaua, Zurrunbilo jaialdia, Tzan tzan fest edo Bertako fest aretoak antolatutako ekitaldi batzuk baino ez dira, eta hamaika jarduera izan dituzte beste hainbat artista eta talderekin lankidetzan.