Gasteizko Udalak 3.5 metro zabaleran eta 2 metro altueran izango dituen pantaila bat jarri asmo du Europa Jauregian. Hainbat elementuz osatutako pantaila horrekin gaur egun kongresuei buruzko egutegia zehazten duen olana ordezkatu nahi dute.
Horri begirako lizitazioa argitaratu du gaur udalak, 60.000 euroko gehienezko aurrekontuarekin. Pantaila ordaintzeko, partez Next Generation funtsei helduko diete, 32.161 eurorekin.
Gailu berriaren diseinurako, udalak dio aurkeztutako proposamenak "minimalismoa, atenporalitatea, integrazioa eta dinamismoa" izan behar dituela.
Udalak argudiatu du egungo fatxadako olanak "aldakortasun falta" dakarrela. "Edukia estatikoa da, ezin da aldatu, eta olana berriro inprimatu behar da", aipatu dute agirian udal teknikariek.
Lizitazioaren arabera, pantaila berriak 2024ko otsaila bukatu baino lehen jarrita egon beharko luke.