Abenduaren 6tik 10era bitartean, euskal kulturaren eta literaturaren urteko erakusleiho nagusi bihurtu da berriz ere Durangoko Azoka. Igandean, Landako Guneko ateak itxi eta agur esan zuen 58. edizioak; hurrengo edizioa 2024ko abenduaren 5etik 8ra izango da.
Baina azoka amaituta ere, "fantasia" Euskal Herri osoko liburu dendetara hedatuko dute orain, Zu non, han DA! egitasmoaren laugarren edizioaren bitartez. Abenduaren 11tik 17ra, guztira, 27 liburu aurkezpen egingo dituzte Euskal Herrian, horietako lau Araban: hiru Gasteizen izango dira, Elkar (San Prudentzio), Ezkisu eta Arlekin dendetan; eta beste bat Agurainen, Eguzki liburu dendan.
Idazleek bestelako sortzaileek lagundurik egingo dituzte aurkezpen gehienak, zitari "kutsu kulturala" emateko:
- Abenduak 12an, asteartean, 18:30ean San Prudentzioko Elkar dendan (Gasteiz):
Patxi Zubizarretaren Loak ezkutatzen duena liburuaren aurkezpen musikatua. Lan horrekin Zubikarai saria irabazi zuen idazleak; gainera, aurten, Zerria (Elkar) liburuarekin Euskadi Literatura Saria ere lortu du Zubizarretak.
- Abenduaren 13an, asteazkenean, 19:00etan Ezkisu dendan (Gasteiz):
Xabi Lasa idazleak Ura ez baita beti gardena (Elkar) liburua aurkezteko solasaldia egingo du Jon Alonsorekin batera. Egilearen lehen ekoizpena da, Irun Hiria literatura saria irabazitakoa. Nafarroako Erriberan kokatzen den thriller bat da.
- Abenduaren 14an, ostegunean, 18:00etan Arlekin liburu dendan (Gasteiz):
Txabi Arnal, Edu Zelaieta eta Belatzek Gora gure alkate jakintsua (Elkar) liburuaren nondik norakoak azaldu dituzte.
- Abenduaren 14an, 18:00etan Eguzki liburu dendan (Agurain):
Nerea Baldaren Azpimarrak liburuaren aurkezpena, eta Irati Iturritzarekin solasaldia.
2020an sortu zen ideia, Durangoko Azokak euskal kulturgintzan sorrarazten duen dinamikaren indarra aprobetxatu eta euskal literaturaren urteko produkzioaren uzta Euskal Herri osora zabaltzeko asmoz.