Abenduaren 26tik urtarrilaren 5era zabalik egongo den Gasteizko Gabonetako Haur Parkea Europa jauregira eramango dute aurten. Gizarte Etxeetako zinegotzi Miren Fernandez de Landaren hitzetan, kokapen berria "abantaila asko" dituen gunea da, "garraio publikoan iristeko egokia" delako, eta "jarduera guztiak beheko solairuan eta irisgarritasun hobearekin" egiteko aukera ematen duelako.
Gasteizko Udalak ohar batean iragarri duenez, sarrerak aldez aurretik erosi ahalko dira hilaren 18tik aurrera www.eventos.grupodisport.es helbidean, gainkosturik gabe. Edukiera arazoak izatekotan, udalak dio lehentasuna emango diela sarrera horiei.
Prezioei dagokienez, haur eta gaztetxoek 2,5 euro ordainduko dituzte goizean, eta 3 euro arratsaldean. 14 urtetik gorako laguntzaileek euro bat ordaindu beharko dute.
Gure Gabonak da aurtengo jardueretarako aukeratutako leloa. 14 urte bitarteko haur guztientzako eskaini nahi dute, "modu inklusiboan". Diotenez, aurten "alderdi guztietatik" heldu nahi diote parkeari, "genero, etnia, jatorri, kultura eta gaitasun" guztiei lotutako "hesiak apurtuz". Horiek helburu, Medicus Mundi Araba, Kolonbia-Euskadi elkartea, Dejlia Taama Musoo emakume afrikarren elkartea, Itxaropena eta Aspace elkarteekin lanean aritu direla iragarri du Fernandez de Landak.
Egunero bi saio izango dira: 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era. Abenduaren 31n eta urtarrilaren 5ean goizeko txanda baino ez da egongo, eta urtarrilaren 1ean parkea itxita egongo da. Txanda bakoitzeko 1.500 lagunentzako tokia egongo dela iragarri dute.
Egitarauari dagokionez, ohiko jarduerez gain, Francisco de Vitoria auditorioan jarduera osagarriak prestatu dituzte. Emanaldiak 18:00etan hasiko dira, eta aretoa bete arte sarrerak banatuko dira parkerako sarrera erosi dutenen artean.
- Abenduak 26: Afrikako dantzak Dejlia Taama Mussoren eskutik.
- Abenduak 27: Ganbarako ipuinak ipuin-kontaketa, Odei Arregirekin.
- Abenduak 28: Xistera gabeko ilusionista ikuskizuna, Mikel Runirekin.
- Abenduak 29: Arce Magia, Iragana, oraina eta magia lanarekin.
- Abenduak 30: Luminaria konpainiak Emotion eskainiko du.
- Urtarrilak 2: Ilusionismaren bidaia magikoak ikuskizuna, Ilusionisma taldearen eskutik.
- Urtarrilak 3: Bapatean Zirko taldearen Ipuin lotsatiak.
- Urtarrilak 4: Kolonbiako dantza tradizionalak, Kolonbia-Euskadi elkartearekin.