Gasteizko garraio publikoa hankaz gora esnatu da astelehen honetan, goizean, abenduko zubiaren osteko lehenengo laneguneko puntako orduan. Alde batetik, 05:00etatik 09:00etara lanuztea egin dute Tuvisako langileek, eta hiri autobusen sarea gutxieneko zerbitzuetan (%30) geratu da.
Bestalde, Landaberde kaleko katenarian izandako matxura baten ondorioz, tranbia zerbitzua eten behar izan du Euskotrenek sareko linea guztietan. Tranbiaren matxura Arriaga-Lakua auzoan gertatu da, Landaberde eta Wellington Dukearen kaleen bidegurutzean, tranbiaren unitate batek katenariaren kable bat harrapatu eta bota duenean, hiri osoko tranbia sarean matxura elektriko larri bat eraginez; unitate horren pantografoa ere erori da.
Euskotrenek 06:16an eman du matxuraren berri, eta bost ordu beranduago, 11:16an, tranbia zerbitzua berrezarri dela jakinarazi du. Hala ere, atzerapenak egon daitezke ohartarazi du garraio enpresa publikoak.
Lanuzteak Tuvisan
Astelehen honetan, jarraipena erabatekoa izan da Tuvisan deitutako lanuzte partzialetako lehenengoan; sindikatuen arabera, gutxieneko zerbitzuetan lan egin behar izan ez duen plantillaren %100ak bat egin du lanuztearekin.
Oraingoz, udalarekin akordiorik lortzen ez bada, aurreikusitako mobilizazioei eutsiko die enpresa batzordeak, azken aldian hiri-autobusen zerbitzuan ezarritako aldaketen kontra eta "kalitatezko zerbitzu segurua" berreskuratzeko helburuarekin: manifestazioak egingo dituzte abenduaren 13 eta 15ean; hilaren 18an, gaurkoa bezalako lanuzte partziala egingo dute; eta hilaren 19rako eta 21erako egun osoko bi greba egun deitu dituzte.
Sindikatuek lanpostuen galera, zerbitzuaren prekarizazioa, flotaren egoera "tamalgarria", langileenganako "tratu iraingarri etengabea", lan baldintzen okertzea eta baliabideen pribatizazioa salatu dituzte, besteak beste.