Gabonetan jolasa oparia da leloan abiatuta, Gasteizko gizarte etxeetan Gabonetako udalekuak eta oporretarako jarduera puntualak prestatu dituzte.
Ludoteketako udalekuak 4 eta 8 urte arteko gaztetxoentzat izango dira, honako gizarte etxeetan: Aldabe, Arriaga, Pilar, Hegoalde, Ibaiondo, Iparralde, Judimendi, Lakua, Salburua eta Zabalgana.
9 eta 12 urte artekoei begira, berriz, ludoklubak atondu dituzte, Salburuan eta Ibaiondon.
Udalekuak 09:30etik 13:30era izango dira, eta abonatuentzat 18,40 euroko kostua izango dute. Gainerakoek 30,40 euro ordaindu beharko dituzte. Lehen txanda hilaren 26, 27, 28 eta 29an izango da. Bigarrena, berriz, urtarrilaren 2, 3, 4 eta 5ean.
Horiez gain, bestelako jarduera puntualak iragarri dituzte. Horietan guztietan izena emateko epea abenduaren 12an hasiko da, 08:30ean, gizarte etxeetan, kirol instalazioetan, San Antongo Herritarrei Laguntzeko Bulegoan, 010 telefonoan eta udalaren webgunean. Informazio guztia webgune honetan jarri dute.