EH Bilduk jakitera eman duenez, Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko Asiskoaren eliza, Martxoaren 3ko Memoria Zentroa hartuko duen eraikina, "narriadura larria" pairatzen ari da. Bertan izan dira Rocio Vitero Gasteizko zinegotzia eta Iñaki Ruiz de Pinedo Espainiako Kongresuko diputatua, egoera bertatik bertara ezagutzeko.
"Kanpotik erraz ikusten dira eraikinak dituen arazoak: gero eta teila gehiago erortzen ari dira, itoginak daude, hezetasun arrastoak antzematen dira eta zikinkeria pilatzen da inguruan. Gotzaindegiak, azkenean, fundazioari erortzear dagoen eraikin bat emango dio", salatu du EH Bilduk.
Horren aurrean, Martxoaren 3ko Memorialaren Fundazioa sortzeko izapideak "azkartzea" eskatu diete erakundeei, bai eta "bitartean Gotzaindegia eraikinaren gutxieneko mantentze lanak egitera behartzea" ere.
"Martxoaren 3ko biktimen memoriak ez du merezi eraikin bat egoera tamalgarri honetan", kritikatu du EH Bilduren Gasteizko udal taldeko bozeramaile Rocio Viterok. Bere aldetik, Iñaki Ruiz de Pinedok gogorarazi du "ez dela berria eraikin horrek, mantentze lan faltagatik, egiturazko arazo larriak dituela", eta Eusko Jaurlaritzak eskatutako txosten arkitektoniko batek hala jaso duela.
Ruiz de Pinedok aipatutako txosten horren arabera, Memoriala sortu aurretik 1,2 eta 1,5 milioi euro arteko inbertsioa egin behar zen. Diputatuak gogora ekarri duenez, Espainiako Gobernuaren aurrekontuen negoziazioaren testuinguruan, EH Bilduk 600.000 euroko partida bat sartu zuen lan horien zati bat finantzatzeko eta memoria zentroaren sorrera bizkortzeko. "Fundazioa ez da sortu, eta, beraz, lan horiek geldirik daude", ohartarazi du. "Gure ustez, lan horiek azkartu egin behar dira, eta eraikinaren egiturazko kalte horiei berehala heldu".
Azkenik, gogorarazi dute inplikatutako erakunde guztiek —Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak— izendatu dituztela patronatuko ordezkariak, baita Martxoak 3 Elkarteak eta Memoria Gara herri ekimenak ere. "Apezpikutza bakarrik falta da. Ez ditu bere ordezkariak izendatu, erakundeei xantaia egiten die, eta, bitartean, bere erabateko utzikeriagatik eraikinak gero eta itxura txarragoa du", ohartarazi dute EH Bilduko ordezkariek.