Gida praktikoa

Bueltan da Ardoaraba, abenduaren 6tik 10era

Erredakzioa 2023ko abe. 6a, 19:00

Plaza Berriko karpa, 2022ko edizioan. Argazkia: @Ardoaraba

Arabako 42 upategiren ardoa eta 435 proposamen enogastronomiko eskainiko ditu Ardoarabaren XVI. edizioak. Abenduaren 6tik 9ra jarriko dituzte karpak, eta hilaren 10ean ardo berezienak dastatzeko Summum espazioaren txanda izango da.

Abenduko zubiarekin batera iritsiko da Gasteiz On plataformak antolatutako Ardoaraba azoka enogastronomikoaren hamaseigarren edizioa.

Abenduaren 6tik 9ra bitartean ohiko plazetan kokatuko diren karpa tradizionaletan, familia eta lagunekin Arabako Errioxako ardoa, Arabako txakolina eta sagardoa, bertako beste gutizia asko eta jatorri deitura gonbidatuak gozatu ahal izango dira. Probintzia plazan, Plaza Berrian eta Foru plazan (bertan izango da Txoko Gastronomikoa) izango dira dastatze-gune nagusiak. Gainera, Andre Maria Zuriaren plazan izango da informazio gunea, ordutegi berean.

Halaber, ostalaritza lokaletan eta saltokietan ere elkarlanean antolatutako ekintzak izango dira hilaren 6tik 10era. Erdi Aroko Hirigunea, El Anglo, Erdigunea, Babesgabetuak, Gasteiz Hiribidea, Antso Jakituna, Koroatzea, San Martin, Ariznabarra, Lakua, Zabalgana eta Zaramaga auzoetako establezimenduak izango dira aurten Ostalaritza Ibilbidean. Kontsultatu parte-hartzaileen zerrenda hemen.

Egitarau nagusiaz gain, bestelako ekitaldiak izango dira: haurrentzako hitzorduak, programazio didaktikoa, historiadun dastaketak hiriko gune berezietan eta jauregietan, showcooking erakustaldiak... Kontsultatu jarduera osagarrien egitaraua hemen.

Ekitaldiari amaiera bikaina emateko, igandean, abenduaren 10ean, Summum by Ardoaraba ekimenaren hirugarren edizioa egingo dute Goiuri Jauregian. Bertan, Euskal Herriko ardo berezienak eta nazioarteko gidetan balorazio onena jaso dutenak dastatzeko aukera egongo da.

Nolakoa izango da aurtengo edizioa?

Zenbait daturekin laburbildu daiteke Ardoarabaren XVI. edizioaren eskaintza zabala:

  • 42 upategik parte hartuko dute (iaz baino hiru gehiago)
  • 28 sukaldek ekimenerako pintxoak jarriko dituzte
  • 59 tabernatan pintxoak, ardoak edota menuak eskainiko dituzte auzo ugaritan
  •  30 jatetxek Ardoarabako Menu Bereziak eskainiko dituzte, 21 eta 55 euro bitarteko preziotan
  • 425 proposamen enogastronomiko:
    • 273 ardo dastatu ahal izango dira
    • 152 pintxo eta plater dastatzeko aukera izango da

Prezioak, guneak eta ordutegiak

Taloitegiaren prezioa 20 eurokoa izango da, eta Txoko Gastronomikoko jardueretara zein Ostalaritzako Ibilbidera atxiki diren taberna eta jatetxeetan eta dastatze eremuetan (karpak) trukatu ahal izango diren 28 puntu izango ditu. Karpetako informazio-puntuetan edo Andre Maria Zuriaren plazako gunean erosi ahal izango dira. Kopa ofiziala aparte ordaindu beharko da, 2,50 euroko prezioan.

Karpen ordutegiak honako hauek izango dira:

  • Abenduak 6, asteazkena: 12:30etik 15:00etara eta 19:00etatik 22:30era
  • Abenduak 7, osteguna: 19:00etatik 22:30era
  • Abenduak 8, ostirala: 12:30etik 15:00etara eta 19:00etatik 22:30era
  • Abenduak 9, larunbata: 12:30etik 15:00etara eta 19:00etatik 22:30era

Zer berrikuntza izango dira aurten?

  • Dinner & Wine afariak
  • Txoko Gastronomikoko haurrentzako eskaintza hiru hizkuntzatan izango da: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez
  • Arabako Batzar Nagusietako eraikina espazio berezietako bat izango da
  • Terra Day egingo da Slow Food Arabarekin
  • Ostalaritzako Ibilbidean parte hartuko duten taberna eta jatetxeetako pintxo proposamenak biltzen dituen plano gida bat argitaratuko da
  • Ardoarabaren sticker berriak sortu dituzte Instagrameko erabiltzaileentzat

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide