EITBk egoitza berria izango du Gasteizen

Erredakzioa 2023ko abe. 5a, 19:00
Berpizkundearen plazan izango da egoitza, Iradier Arenaren parean. Argazkia: Google Earth

Berpizkundearen plazan 2.400 metro koadro baino gehiagoko multimedia erredakzioa irekiko du EITBk 2025ean, telebista, irratia eta baliabide digitalak hartzeko.

Gasteizko Udalak akordioa sinatu du EITBrekin, erakunde publikoak egoitza berria martxan jar dezan Berpizkundearen plazako 9. zenbakian, Iradier Arenaren parean, trenbidearen ondoko eraikineko beheko solairuetan. Maider Etxebarria alkateak eta EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoak astearte honetan sinatu dute asmoen protokoloa.

Azpiegitura berria sortzeko EITBk 2,7 milioi euro inguruko inbertsioa egingo du. Egoitzak 2.400 metro koadro baino gehiagoko azalera izango du, eta bertan izango dira, besteak beste, Radio Vitoria eta Euskadi Irratiaren estudioak, ETBrako plato bat eta taldeko irrati, telebista zein dibisio digitaleko profesionalentzako erredakzioa. Gaur egun, EITBren Gasteizko erredakzioa Domingo Martinez de Aragon kalean dago, EHUren Gasteizko Campusaren parean, eta 982 metro koadroko azalera du.

Gaur sinatutako akordioarekin, Gasteizko udal gobernuak Euskal Irrati Telebistak eskatutako eragiketa errazteko konpromisoa finkatu du: zehazki, Zezen Plazaren Barneko Erreforma egiteko Plan Bereziaren (PERI 3) aldaketa puntuala izapidetuko du Etxebarriaren kabineteak, eraikinaren beheko solairuan dauden bi lokaletan bulegoen erabilera bateragarri egiteko. Bestalde, EITB taldeak beharrezko lokalak erosi, berritu eta ekipatu egingo ditu, instalazio berriak egokitzeko.

Orain, kokapen berrirako erabilerak egokitzeko egin beharreko administrazio izapidetzeen iraupena bederatzi hilabete ingurukoa izango da, idatzitako aldaketa proposamena aurkezten den unetik hasita. Aurreikuspenen arabera, EITBren multimedia erredakzio berriak 2025. urtearen amaieran irekiko lituzke ateak.

"EITBren instalazioak handitu eta modernizatu, ikus-entzunezkoen ekoizpena bultzatu eta Berpizkundearen plaza eta ingurunea berriro aktibatu ahal izango dira", ospatu du Gasteizko alkateak. "Erdigunea eta Zabalgunea dinamizatzeko pausoak ematen jarraituko dugu proiektu berriak irits daitezen".

Maider Etxebarria Gasteizko alkatea eta Andoni Aldekoa EITBko zuzendaria. Argazkia: Gasteizko Udala

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide