Autismoa duten gazteei eguneko arreta zainketak emango dizkie Zabalganean ireki duten zentro berriak. Ezaugarri horietako bigarren zentroa da lurraldean, Landaberdekoarekin batera, eta bien artean artean 62 pertsonari emango diete arreta.
Nazio Batuen Hiribideko zentro berriaren bitartez, Aldundiak erantzuna emango die autismoa duten eta baliabide bat esleitu zain dauden edo hezkuntza sistematik ateratzen diren pertsonen eta haien familien beharrei. Zerbitzu hori 18 urtetik gorakoentzako da, baldin eta, eskola aldia amaitu ondoren, garapen pertsonal eta sozialerako laguntza premiak badituzte.
Inaugurazio ekitaldian, Gorka Urtara Gizarte gaietarako diputatuak autismoaren espektroko nahasmenduaren diagnostikoek gora egin dutela aipatu du, eta ziurtatu duenez, zentro berriari esker, urte askoan erantzuna eman ahal izango zaie baliabidea esleitu zaien 20 familiaren eta 20 gazteren beharrei.
Zabalgana auzoko zentroak 640 metro koadroko azalera du, ikasgeletan eta erabilera anitzeko espazioetan banatuta. 9:00etatik 17:00etara, erabiltzaileek autonomia pertsonala sustatzeko jarduerak egingo dituzte, bai eta musikoterapia, fisioterapia, ofimatika, robotika eta komunikazioa ere. Horien osagarri, komunitate eta kirol jarduerak egingo dituzte zentrotik kanpo. Pedagogo batek, psikologo batek, gizarte langile batek eta gizarteratze arloko profesionalek emango dute arreta.