All Day Breakfast Cafe eta Spin Gospel, aurtengo jazz uhinetan

Erredakzioa 2023ko abe. 1a, 13:04

Zazpi emakumek osatzen dute All Day Breakfast Cafe taldea. Argazkia: JAZZ UHINAK

Jazz Uhinak Hirian Barrena jaialdiaren XVIII. edizioak izango dituen sei kontzertuetatik bost aurkeztu dituzte.

Jazz Uhinak Hirian Barrena jaialdiaren XVIII. edizioak sei kontzertu eskainiko ditu abendutik ekainera, udalak aste honetan ezagutzera eman duenez. Emanaldi guztiak, Jesus Guridi Musika Kontserbatorioko aula magnan izango dira, Gasteizen.

Abenduaren 19an Spin Gospel taldeak inauguratuko du ikasturtea. "Musika afro-amerikarra" jotzen du abeslari profesionalen kolektiboak "Estatu mailako emakumezko ahots onenetako batzuk" biltzen ditu, antolatzaileen esanetan. Gospela, soula eta herri musika bateratzen ditu taldeak.

Urtarrilaren 23an Diego Amador oholtza gainean egongo da. Flamenkoaren munduko pertsona entzutetsu askorekin batera jo izan du —Tomatito, Joaquin Cortes eta La Susi, besteak beste—, baina jazz arloko beste batzuekin ere izan du harremana: Path Metheny, Birelli Lagrene eta Charlie Haden.

Otsailaren 20an, berriz, —urtarrilean dio udalak prentsa oharraren euskarazko bertsioan— All Day Breakfast Caferen txanda izango da. Erresuma Batuko taldeak Have you seen this queen singela aurkeztuko du. Nu jazz —Un jazzz, udalaren oharrean—, jazztronika, funka eta diskoa darabiltza zazpi emakumek osatutako taldeak.

Martxoaren 12an eta apirilaren 16an prestakuntzarako jardunaldiak egingo dituzte Jesus Guridi Kontserbatorioko eta Luis Aramburu Eskolako ikasleekin.

Anatole Muster Triok maiatzaren 21ean joko du. Muster gaztea "ekoizle berritzailea eta akordeoiarekin birtuosoa" da, 21 urterekin. Kritikak haren "apartekotasuna" aitortu du.

Azken kontzertua ongintzakoa izango da, eta bildutako dirua erakunde bati bideratuko zaio. Ez dute momentuz ezagutarazi nor izango den oholtza gainean.

Jazzargia elkartearekin batera antolatzen du Gasteizko Udalak ekimen hau. Elkartearen helburua da "jazza, eta haren kultura eta historia hedatzea eta etorkizun handia duten musikari berriei eta profesionalei beren lana ezagutarazi ahal izateko espresiorako gunea eskaintzea", udalak gogora ekarri duenez.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago