Gasteizek bat egin du Palestinarekiko Elkartasunaren Nazioarteko Egunarekin

Erredakzioa 2023ko aza. 29a, 20:00

Gasteizko elkarretaratzea, Andre Maria Zuriaren plazan. Argazkia: @Palestinarekin

Duela 76 urte, 1947ko azaroaren 29an, NBEk Palestina Banatzeko Plana onartu zuen. Palestinarekin Elkartasuna ekimenak ehunka lagun bildu ditu hiriburuetan deitutako mobilizazioetan, baita Gasteizen ere.

Azaroaren 29an, urtero, munduak Palestinarekiko Elkartasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen du, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Palestina Banatzeko Plana onartu zuela gogoratu eta salatzeko. 76. urtemugan, "sionismoaren kolonizazio prozesuan mugarri izan zena" eta Israelek Palestinako herriaren aurka gauzatzen ari den "genozidioa" salatzeko, Palestinarekin Elkartasuna herri ekimenak mobilizazioak antolatu ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.

Gasteizen, dozenaka lagun bildu dira Andre Maria Zuriaren plazan, 19:00etan, "klase esplotatuen eta herri zapalduen elkartasuna eta antolaketa internazionalista" aldarrikatzeko.

"Plan horrek Palestinako britainiar agintaldia bi estatutan banatzea proposatzen zuen, bata judua eta bestea arabiarra. Hala ere, ebazpen bidegabe horrek Palestinaren erdia baino gehiago proiektu kolonial sionistari eman nahi zion, nahiz eta juduak biztanleriaren herena eta lurren %7 baino ez izan", kritikatu dute.

"Harrezkero, adostasun politiko sionista dago palestinarren garbiketa etnikoa gauzatzeko eta Israel Handia eraikitzeko", gaineratu dute. "Azken 75 urteetan, herri palestinarra erregimen militar eta kolonial sionistaren mende egon da. Erregimen horrek lurralde palestinarrak okupatzen jarraitu du, bertako biztanleak lekuz aldatu eta erail ditu, eta kolono juduak Palestinara migratzea erraztu du. Guztia mendebaldeko bloke inperialistaren laguntzarekin, Israelek zeregin estrategikoa baitu Ekialde Ertainaren kontrolean".

"Euskal Herritik erakutsi berri dugu Palestinako herriari baldintzarik gabeko babesa ematen diogula, eta haren borondateari eta duintasunari errespetua eta miresmena diegula, bere askapenaren alde borrokatzeko", adierazi dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago