Azaroak 30eko greba feministara begira, zaintza jarri dute erdigunean neska gazteek ere, eta egungo zaintza sistemak gazteengan dituen eraginak aztertu dituzte Judimendiko greba batzordean. Auzoko gazte asanbladako Izarraitz Zuluetak (Gasteiz, 2002) azpimarratu du gazteen artean neskak direla zaintzen ardura hartzen dutenak, eta galdetu du: "zergatik izan behar gara neska gazteok zaintza horiek bermatzen ditugunak?".
Nola doa grebaren prestaketa? Zertan jarri dituzue indarrak nagusiki?
Nahiko ondo doa. Hasieran asanblada ez mistoa egin genuen, eta gero pasa ginen asanblada mistoa egitera, kontuan izanda greba mistoa dela, greba feminista orokor bat dela. Indar gehiena jarri dugu asanbladaren osaketan; lehen bileratik hasi ginen lantaldeak egiten: propaganda, harremana eta ekintzak; eta joan gara lanketa ezberdinak garatzen. Azaroan, ostegunero, egin dugu ekintza ezberdin bat, eta aipatzekoa da 23an egin dugun azken ekintza, eskolako umeekin, txirigota ibiltari bat Bizaneko kideekin eta taldeko argazkia. Bestalde, auzoko saltokiekin eta ostalariekin ere harremanak izan ditugu grebaren inguruan, kafe-tertulia bat egin genuen, gazte perspektiba batetik zaintzak nola eragiten diguten hausnartzeko…
Harreman asko egin dituzue. Nolako giroa dago auzoan grebari begira?
Saiatu gara intergenerazionala izaten, eta auzoan martxan dauden eragileekin eta ostalariekin hitz egiten. Erantzuna oso positiboa izan da; greba batzordea hasieratik oso jendetsua izan da, intergenerazionala, mistoa, eta hor gizonen parte hartzea nabaria izan da. Lan handia egin da Judimendin, gogotsu gaude.
Zaila izaten ari da antolaketa?
Prozesua oso luzea izan da, eta gorabeheratsua. Ez da aurten hasi, 2021etik dator Bizitzak Erdigunera plataformaren sorrera; baina nik uste dut, Judimendin behintzat, ez dugula zailtasun handirik izan, lantaldeek oso ondo funtzionatu dute, auzoa ezagutzen dugu eta auzoak jakin du greba feminista orokor bat dagoela.
Neska gazteak feministagoak, mutilak matxistagoak. Hala da?
Badu zerikusia txikitatik jasotzen dugun heziketak, formalak eta ez formalak, baita telebistak, edo marrazki bizidunek ere. Neska gazteok zapalduak garen heinean deseraikiagoak gaude, baina badugu zer deseraiki. Mutilek, agian ez nahita, baina sistema zisheteropatriarkala erreproduzitzen dute eta lan handiagoa dute egiteko. Horretarako gakoa hezkuntza da, txikitan barneratzen duguna gero garatzen dugulako. Eta ezinbestekoa da hezkuntza birplanteatzea eta buelta bat ematea. Hain justu, auzoan aipatzekoa da duela urte bete sortu zela mutilen talde bat eta hasi direla barne hausnarketak egiten, jaiei begira ere protokoloarekin laguntzen dute, eta proaktiboak dira. Hori ere egin daiteke hainbat esparrutan. Ezinbestekoa da mutilek beren esparruak sortzea gu bertan egon behar izan gabe, guk bultzatu gabe.
Gazte perspektibatik proposamen propioak egin dituzue grebarako? Zeintzuk dira?
Zaila da gazte baten perspektibatik zaintza grebari heltzea. Agian hogei urtetik aurrera errazagoa da, gertuago duzulako, baina 14, 15, 16 urteko gazteek ez dute ulertzen zer den zaintza bera. Horregatik ikusi genuen beharrezkoa zela greba batzordean parte hartzea eta gazteen perspektiba txertatzea. Bestalde, ikusi genuen ere inportantea zela egunean bertan, gazte bezala, gure aldarri propioak eramatea. Hala, osasun mentalari lotutako aldarrikapena egingo dugu, eta gazteen perspektiba hor txertatu; salatu nahi dugu osasun publikoan ez dagoela bermatuta osasun mentala. Era berean, agerian utzi nahi dugu gu geu garela, neska gazteak, zaintzen ardura hartzen dugunak, eta zergatik izan behar gara neska gazteak zaintza horiek bermatzen ditugunak.
Neska gazteei nola eragiten dizue zaintzak? Bikoteen harremanetan? Kuadrillan? Lanean? Ikasketetan?
Zaintza oro har oso feminizatua dagoen esparru bat da, eta neska gazteongan badu eragina. Neska gazteok gara sarritan kuadrilla batean bermatzen dugunak gizonak edo emakumeak ondo egotea; askotan gu gara umeen zaintza bermatzen dugunak, edo klase partikularrak ematen ditugunak… Horrelako lan motak, ezikusiak edo gaizki ordainduak, beti egiten ditugu neska gazteok. Asanbladan ere hausnartu genuen ikasketak aukeratzen ditugunean oso argi ikusten dela zaintza arlora bideratutako ikasketak oso feminizatuak daudela, eta hortik ere badugu zer aztertu. Adibidez, zergatik erizaintza dago hain feminizatua?
Zaintzaren esparruan, zer arlotan antzematen duzue neska gazteek hutsune handiagoa?
Hutsune nagusia lan prekarioa da, horiek beti dira guri zuzendutakoak, oro har gazteei baina zehazki neska gazteei, eta batik bat zaintza esparrura mugatzen diren horiek. Lan horiek betetzeak badu gugan eragin handia, gure osasun mentalean, eta zaila da osasun publikoan horri aurre egitea, oso zaila da psikologo batekin hitz egitea, adibidez, hilabeteak eta hilabeteak itxoin behar da. Oso baliabide gutxi daude, eta horrenbestez, galdera bat sortzen da: Nork zaintzen gaitu gu? Nork zaintzen ditu zaintzaileak?
Greba feminista eta gero, zer?
Bizitzak Erdigunean plataformatik esandakoa: greba inflexio puntu bat da, eta herri akordioan plazaratutako puntuak sozializatzera goaz; baina gero borrokan jarraitu behar dugu, eta landutako hori guztia fase instituzional batera pasatu behar da, non hasiko dira marko ezberdinak sortzen herri akordioan plazaratutakoa materializatzeko. Auzoan dagokigu lanean jarraitzea modu mistoan, eta planteatzea zergatik izan behar garen gu zaintza sistema bermatzen dugunak; gazte asanblada batean, esate baterako, zergatik gara gu galdetzen dioguna ondokoari ea ondo dagoen. Hori lantzen jarraitu beharko dugu tokian toki, eta ez bakarrik utzi maila instituzionalean.