Euskal Herriko pentsiodunak astelehenero bildu dira ia sei urtez Euskal Herriko kaleetan, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta zerbitzu publiko duinak eskatzeko. Eta astelehenero izan dira mugimendu horren parte emakume pentsiodunak. Azaroaren 30ean ere kalera aterako dira, baina, oraingoan, zaintza eskubidearen aldeko greba feminista orokorrarekin bat egiteko. Arabako Pentsionistak Lanean taldeko Pilar Hernandezek (1948, Gasteiz) eta Ana Agirrek (1958, Gasteiz) grebarekin bat egiteko arrazoiak azaldu dizkiote ALEAri.
Zenbat kobratzen du batez beste emakume pentsiodun batek?
Pilar Hernandez: Desberdintasun handiak daude. Badira alarguntasun pentsioak kobratzen dituzten emakumeak, eta horien artean mila euro edo gutxiago kobratzen dutenak daude. Baina badira milaka emakume pentsio ez kontributiboak jasotzen dituztenak, eta horiek askoz pentsio txikiagoak dituzte, bostehun euro inguru hilabetean. Hor dago arrakala handia. Milaka emakumek ez dute kanpoan lan egin, etxean baizik, eta emakume horiek ez dute kotizatu edo gutxi kotizatu dute.
Beraz, soldatetan bezala, kotizazioetan ere arrakala handia dago.
Ana Agirre: Hainbat emakumek ez dute deus ere kotizatu euren bizitzan eta euren senarraren pentsioarekin ez dute nahikoa hilabetea bukatzeko. Kotizatu duten emakumeek, berriz, gizonek baino pentsio apalagoak dituzte. Soldatetan dagoen arrakala %23koa da, asko da, eta hori gero islatzen da pentsioetan. Horietan arrakala %37koa. Emakumeok gizonekin alderatuta askoz lan prekarioagoak egin ditugu edota familiaren zaintzan lanean aritu arren, ez dugu kotizatu eta ez dugu pentsiorik. Sei urte daramatzagu astelehenero astelehenero aldarrikatzen gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izan behar dela. Hor sartuko lirateke ere etxetik kanpo lan egin ez duten emakumezkoak eta horrela aitortuko litzaieke etxean eta zaintza lanetan egin duten lana.
Zergatik 1.080 euro?
P.H: Kopuru hori zehaztu genuen duela bizpahiru urte Europako Karta Sozialak bizitza duina izateko proposatu zuen ehunekotik aterata. Egun, kopuru hori handiagoa da, baina ikono edo sinbolo bezala gorde dugu.
Zaila da gaurko gizartean emakume pentsiodunen egoera ikusaraztea?
A.A.: Batzuk pentsatzen dute emakumeek etxetik kanpo lan egin ez dutenez ez dutela eskubiderik pentsioa kobratzeko. Izorra daitezela! pentsatzen dute. Hori da batzuen jarrera. Horrela esaten dute. Baina, etxeko lana zeinek egin du? Zeinek zaindu ditu umeak eta zaharrak? Hori etxean egin den lana da, eta hori azpimarratu behar da, eta alde horretatik mugimendu feministak aurrera aterako duen grebak hori lortzeko bidean jartzen gaitu. Zaintzak duintasunez egiteko eta tratatzeko, eta alderdi politikoen, sindikatuen eta eragile sozial guztien mahaian gaia jartzeko.
P.H: Mentalitate aldaketa bat behar dugu. Sarritan emakumezkook pentsatu dugu zaindu behar dugula, behartuta gaudela eta emakume asko daude kokoteraino, akituta, itota. Gure adineko emakume asko daude ama, senarra edo koinata zaintzen… edo bilobak. Oso ondo dago umeak zaintzea, baina batzuetan zama handia da, eta aitortu gabekoa. Nekagarria da.
Nola integratzen da pentsionisten borroka azaroaren 30eko greba feministan?
P.H.: Bizitza osoan zehar emakumeen borrokan egon naiz, baina Arabako Pentsionistak Lanean taldean parte hartzen hasi nintzen arte ez nintzen konturatu zer egoeran dauden emakume pentsiodunak. Ordutik, betaurreko berriekin ikusten dut egoera. Niretzat oso aberasgarria izan da beste emakume pentsiodunekin elkartzea eta borroka egitea. Oso momentu inportantea izan zen, adibidez, duela bospasei urte mugimendu feministak Durangon ospatu zuen topaketa. Bertan, emakume pentsionistok parte hartu genuen ponentzia batekin, eta ordutik lortu dugu mugimendu feministan gure kezkak eta gure ikuspuntua txertatzea, lehen ez zeudelako. Gainera, sufritzen dugun eta ezkutuan dagoen bortxakeriaren kontra ere borrokan gaude jo eta ke. Ematen du emakume gazteek bakarrik jasaten dutela indarkeria, baina urte hauetan konturatu gara 55etik gorako emakume askok ere jasaten dutela bikoteen edo seme-alaben indarkeria.
Gizarteak ez du zaintza lana ikusi nahi?
A.A.: Larriena hori da. Emakumezkoak egin dute zaintza lana betidanik, etxean egon direnean eta lan merkatura atera direnean zama handiagoa eraman dute. Zaintza lan hori etxekoek ezin dutenean egin beste pertsona bat kontratatzen da, eta pertsona hori emakumea da, atzerritarra, migratua, arrazializatua. Oso egoera prekarioan lan egiten dute, ikusezinak dira, soldata txikiak dituzte, eta horrekin bukatu behar da. Esklabotza da.
P.H: Egoerari buelta oso ematea zaila da, baina langileen baldintzak hobetzen joatea lortzen baldin badugu, batik bat emakume migranteen lan eta bizi baldintzak, egoera asko hobetuko da.
Arabako erakundeen aldetik adinekoen zaintzaren garrantziaz hitz egiten da sarri.
P.H.: Bada, erresidentziak eta etxez etxeko laguntza zerbitzuak, adibidez, pribatizatuta daude eta galdu egin dira plaza publikoak. Araban ez dira erresidentzietako plaza publikoak sortu azken 15 urteetan, eta berriak pribatuak dira. 2015-2021 urteen artean, plaza publikoen kopurua %12 gutxitu da; plaza pribatu itunduak, berriz, %24 igo dira; eta pribatuak bikoiztu egin dira: 2015an %35 ziren eta 2021 %65. Hauek dira datuak: aurten %23 bakarrik dira plaza publikoak. Gainera, zerbitzua garestitu egin da eta kalitatea galdu da. Hau bultzatzen dute eta elikatzen dute erakunde publikoek: txekeak ematen dituzte pribatuetara joateko, kontzertatu egiten dituzte hainbat plaza, eta erresidentzia berriak egiten dituzte zeharkako kudeaketa erabiliz.
Pentsionisten ikuspuntutik, nora jo behar da?
P.H.: Publikora jo behar dugu. Horregatik ari gara lanean, baina indar korrelazioaren arabera gertatuko da hori, eta EAJ eta PSE pribatizazioaren aldekoak dira eta PP ere bai. Badaude alternatibak zaintza publikoa eta komunitarioa izateko, baina oso inportantea da lehenik langileen baldintzak aldatzea, eta guk kalean gaude horretarako, eta langileen borrokan laguntzeko.