60 urte bete ditu Olabidek, Gasteizko lehen ikastolak, eta ikastetxearen familia osatzen duten guztiekin eta gasteiztarrekin hainbat ospakizun egingo dituzte hurrengo egunetan. Ostiralean, azaroaren 24an, ikastolan bertan ekitaldi nagusia izango dute; ikasle, guraso eta langileei zuzendua izango da, eta baita iraganean ikastolako familia eta langile izan direnei ere.
Ekitaldi horretan, besteak beste, ikasleen ikuskizunak izango dira; ikastolaren historian izandako paperagatik hainbat pertsona sarituko dituzte; eta erakunde publiko, Gasteizko eta euskalgintzako hainbat erakundeetako ordezkariak izango dira.
Bestetik, bigarren ekitaldi nagusia, abenduaren 1ean egingo dute, Gasteizko erdigunean bertan, Arka Plazan, El Caminante-ren alboan. Ekitaldi hau gasteiztar guztiei irekia izango da. Bertan dantzak eta txokolate banaketa egingo dute.
60 urteko historia emankorra
1963an, Gasteizko dozena erdi bat familia ados jarri eta erabaki zuten beraien seme-alabei hezkuntza alternatiboa eskaintzea, hezkuntza euskaraz hain zuzen ere. Hamalau ikaslek hasi zuten euskal hezkuntza Izaskun Arrue andereñoaren laguntzarekin, klandestinitatean, Zerkabarren kaleko etxebizitza batean.
1967-1968 ikasturterako, 85 ikasle zeuden. Ikastola handitzen zihoan eta eskaria gero eta handiagoa zenez ikastetxe gisa legeztatzea erabaki zuten. Zailtasun askorekin legeztatzea lortu, eta 1972. urtean 496 ikasle izatera pasa ziren. Zuzendaritzak aurre egin behar izan zion bilakaera horri, eta horregatik, eraikin bat hartu zuten Estibalizko Amaren kalean. 1972ko apirilaren 12an Olabide Kooperatiba Elkartea eratu zuten, eta 20.000 metro koadroko lursaila erosi zuen kooperatibak Lasarte auzoan; 1975ean inauguratu zen lehen eraikina. Euskara eta euskal kultura erdigunean izango zuen hezkuntza eskaintza bat eraiki nahi zuten, giza balioak eta elkartasuna ere ardatz hartuta.