Bueltan da berriz ere Elikagaien Bilketa Kanpaina Handia

Erredakzioa 2023ko azaroaren 22a

Elikagaien Bankuaren urteko kanpainarik handiena da. Argazkia: bancoalimentosaraba.org

Azaroaren 24an eta 25ean, Gasteizko 83 establezimendutan egingo da elikagaien bilketa eta bonuen salmenta. Elikagaien Arabako Bankuaren erronka da 40.000 kilogramo elikagai, bonutan 140.000 euro eta dohaintzatan 75.000 euro biltzea.

Bertan da Elikagaien Arabako Bankuak Vital Fundazioaren laguntzarekin antolatutako Bilketa Kanpaina Handiaren XI. edizioa. Hilaren 24an eta 25ean, ostiralean eta larunbatean, Gasteizko 83 establezimendutan egingo da; tartean, hamaika supermerkatu katetan.

Azken urte zailen ostean, aurtengo helburu nagusia 40.000 kilogramo elikagai lortzea izango da; horrez gain, supermerkatuetako elikagai bonutan 140.000 euro eta zuzeneko dohaintzetan (transferentziak, Bizum, banku txartelak...) beste 75.000 euro biltzeko erronka ezarri du Elikagaien Bankuak.

Halaber, oinarrizko produktuen bilketari eustea, iraupen luzeko beste produktu batzuk erostea eta beste dohaintza batzuetatik datozen hornidurak osatzea ahalbidetzeko janari-bonuen erosketa handitzeko apustua egin dute aurtengo edizioan.

Horrekin batera, osasun krisiaren eta egungo krisi ekonomikoaren ondorioz gure herrialdean bizi den pobrezia egoeraren inguruan herritarrak sentsibilizatzea eta mobilizatzeko xedea du ekimenak. Hortaz, gizarteari Elikagaien Bankuekin elkarlanean jarraitzeko dei egin nahi diote, baita bilketa kanpaina bereziaren ostean ere. Izan ere, kanpainan lortutako emaitzaren araberakoa izango da banaketako ohiko produktuen kalitatea hobetzeko proiektuak abian jartzeko ahalmena.

Adibidez, Elikagaien Arabako Bankuak bi urtetik beherako haurren oinarrizko elikadura eta higiene beharrak bete behar ditu, eta horretarako 4.000 unitate pixoihal, 16.700 potetxo fruta eta 5.700 pakete gaileta, esne eta zereal jaso beharko lirateke (72.600 euro inguruko balioa). Bestalde, emakumeen higienerako artikuluetan beste 36.000 euro inguru behar dituzte.

Nola parte hartu?

Bilketa Kanpaina Handian parte hartuko duten establezimendu batzuetan bonuak baino ezin izango dira erosi; beste batzuetan, berriz, aukera mistoa egongo da, hau da, elikagaiak eta bonuak erosi ahal izango dira; eta denda batean soilik elikagaiak eskura emateko aukera egongo da.

Establezimenduetan dohaintzan emandako bonu guztien batura ez zaio eskudirutan emango Elikagaien Bankuari. Ordea, urtean zehar une jakin batean behar diren produktuak edo elikagaiak erosteko kopurua metatuta geratuko da erakunde horren alde.

Era berean, elikagaiak eta oinarrizko beste produktu batzuk erosteko dohaintzak dirutan ordaintzeko hiru -aukera izango dira (ekarpenek %45eko hobari fiskala dute errentaren aitorpenean):

Elikagaien Bankuak 25 urte

Astearte honetan, Elikagaien Arabako Bankuaren 25. urteurrena ospatzeko eta proiektuari babesa emateko ekitaldia egin dute, bertako boluntarioek behar gehien duten pertsonen artean elikagaiak banatzen egiten duten lana aitortzeko. Gaur egun, Bankuak 1.396 familia artatzen ditu banaketa erakundeen bitartez; guztira, 3.624 heldu eta 129 haur. Gainera, kontsumo erakundeen bidez beste 362 pertsonari laguntzen die.

Hala ere, Bankuaren egoera ekonomikoa "prekarioa" dela ohartarazi dute: "Elikagaien kostuak gora egin du, eta soberakinak nabarmen murriztu dira; beraz, ezin zaio onuradunei ematen zitzaien oinarrizko poltsari eutsi. Gure helburua 2022koaren antzeko dieta hobetu bat ematea izango litzateke, elikagai proteinikoak barne, baina herritarren laguntza nahikorik ez badugu, helburua desiragarri hori lortzen zaila izango da", azaldu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago