Abenduaren 1ean abiatuko dute Gautxori Morea

Erredakzioa 2023ko aza. 21a, 11:30

Gaueko zenbait lineatan ere aldaketak iragarri dituzte. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Emakume eta adingabeentzat eskaeraren araberako 73 geldialdi gehitu dituzte gaueko bus zerbitzuan.

Gautxori Morea izeneko gaueko bus zerbitzua abenduaren 1ean abiatuko dela iragarri du Gasteizko Udalak. Gaueko autobusetara igotzeko eta jaisteko eskaeraren araberako 73 geldialdi gehitu ditu udalak. Geldiune horiek emakumezkoek eta adingabekoek baino ezingo dituzte eskatu.

Sakelako telefonoetarako aplikazio bat martxan jarri dute ere. Aplikazioa erabiltzeko, datu pertsonalak eman beharko dira, bai eta garraio txartelaren zenbakia ere. Erregistroa bukatzeko, jasotako egiaztapen kodea sartu beharko da aplikazioan. Hedabide honek egin duen saiakeran ez du lortu erregistroan aurrera egitea, datu guztiak sartuta ere.

Udalak azaldutakoaren arabera, erreserbatzeko, jatorria eta helmuga zehaztu behar dira aurretik. Autobusa helmugako geltokira iritsi aurretik notifikazio bat jasoko du erabiltzaileak. Jaitsi ahal izateko, aplikazioaren bidez eskatu edo zuzenean gidariari esan beharko zaio, orain arte egin izan den moduan.

Udalak aplikazioaren erabilera azaltzeko bideo bat argitaratu du, baina bideoa gazteleraz baino ez dago. Modu berean, aplikazioaren erabilera-baldintzak eta pribatutasun politika ingelesez baino ezin daitezke irakurri.

Bestalde, udalak iragarri du eskaeraren araberako jaitsierak egokituko dituela gaueko G2 eta G3 lineetan, oraingo honetan erabiltzaile guztientzat. G2 linean eskaeraren araberako hiru geltoki jarriko dituzte, Goikolarra auzoan. G3 linean ere beste bat paratuko dute, Armentian. Puntu horietan jaitsi ahal izango da, baina ezingo da igo. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago