Santanderreko Zigor Arloko 2. Epaitegiak 1.440 euroko isuna ezarri dio gizon bati, errege-pitoi suge bat eta bi musker, janaririk, edaririk eta aireztapenik gabe bidaltzeagatik, mezularitza bidez. Epaileak floraren eta faunaren aurkako delitu baten arduradun jo du bidaltzailea, eta isuna jartzeaz gain, hiru urtez ehizarako, arrantzarako eta animaliak edukitzea dakarren lanbidea garatzeko debekua ezarri dio.
Irmoa den epaiaren arabera, Santanderreko gizonak mezularitza bidez bidali zituen animaliak, tuper baten barruan, eta bi zapata kutxatan banaturik: Zapata kutxa batean errege-pitoi suge bat zegoen eta beste zapata kaxa batean, bi musker. Galzorian dauden espezieen, animalien zein landareen, merkataritza arautzeko eta kontrolatzeko nazioarteko CITES hitzarmenaren barruan babestuta dago errege-pitoia.
Forondako aireportuan atzeman zuten tuperra, paketea eskanerretik pasatzean. Ireki ondoren, animaliak erreskatatzeko zentro batera eraman zituzten, oso egoera txarrean.
Epaiak jaso duenez, muskerretako bat egun batzuk geroago hil zen anorexiagatik; pitoia, berriz, sei hilabete geroago hil zen, neurri txikiko paketean garraiatzean izan zituen sabelaldeko lesioen ondoriozko arnas infekzio baten ondorioz.