Hainbat kexa eta gero, zenbait autobus linea indartuko ditu Alavabusek

Erredakzioa 2023ko aza. 17a, 13:31

Besteak beste, Gasteiz eta Durango arteko linea indartuko dute. Argazkia: ALEA

Hiriburua eta Laudio, Durango eta Miranda Ebro arteko autobusak indartuko ditu asteburutik aurrera.

Asteburu honetatik aurrera, Alavabusek hiru autobus linearen zerbitzuak indartuko ditu, lekurik gabe geratu diren bidaiarien hainbat kexa jaso eta gero: Gasteiz, Amurrio eta Laudio lotzen dituen 15. linea, Gasteiz eta Durango arteko 18. linea, eta Gasteiz eta Miranda Ebro arteko 19. linean izango dira errefortzuak.

"Ahalegin horien helburua da ordu tarte jakin batzuetako plazen eskaintza handitzea azken asteetan izandako bidaiarien hazkundeari egokitzeko", azaldu dute Arabako Aldunditik. Hala, Gasteiz-Amurrio-Laudio lineak autobus bat gehiago izango du larunbatetan, Gasteiz-Laudio arteko eguneko azken zerbitzuan, eta 22:35ean irtengo da Arabako hiriburutik.

Gasteiz-Durango lineak, berriz, bigarren ibilgailu bat izango du igande arratsaldetan Durangotik 16:35ean irteten den zerbitzuan. Gainera, Gasteiz-Miranda Ebro 19. linearen kasuan, larunbat gauetako azken zerbitzua indartuko dute, eta Arabako hiriburutik abiatuko da 22:20ean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago