Urriaren 21ean ospakizunak borobildu zituen 100 urte bakarrik ezin da dinamikarekin, argi geratu zaigu Gasteizko herri mugimenduko hainbat eragile beren urteurrenak ospatzen ari direla aurten. Hala Bediren kasuan, lau hamarkadako ibilbidea ospatzeko unea iritsi da; irrati librearen lehenengo emisioa 1983ko abuztuaren 4an izan bazen ere, 40. urteurreneko festa larunbat honetan, azaroaren 18an, egingo dute.
Horretarako, egun osoko jaia antolatu dute. Goizean parrilla berriaren aurkezpena egingo dute, klasiko bat bihurtu den parrilladarekin. 11:00etatik aurrera, Kutxi kaleko Hala Bedi Tabernatik zuzenean emitituko den irratsaio berezi batean, 2023/2024 ikasturtean Hala Bedi Bat kate elebidunean (107.4 FM - Arabako Errioxan 107.7 FM) eta Hala Bedi Bi euskara hutsezko katean (95.6 FM Gasteizen eta Lautadan) programazioa osatuko duten nobedadeak aurkeztuko dituzte, saio berrietako partaideekin batera, baita irratsaio zein magazin guztien ordutegiak zehaztu ere.
Aurreratu dutenez, guztira 33 irratsaio propio izango ditu aurten Hala Bedik: 13 euskaraz, 19 gaztelaniaz eta bat galizieraz. Gainera, Arrosa Sareari esker, Euskal Herriko beste irrati batzuetan ekoitzitako beste 10 irratsaio ere entzun ahal izango dira Hala Bedi irratiaren uhinetan. Baina horien inguruko xehetasun guztiak ezagutzeko larunbatera arte itxaron beharko da.
Arratsaldean, Gala Bedi
Baina parrillada ez da izango eguneko proposamen bakarra. Kafea, pintxoa, bermuta, poteoa eta norberak bazkaltzeko (edo ez bazkaltzeko) asmatzen dituen trikimailuak igarota, arratsaldean 40. urteurrenaren ospakizun betean murgilduko dira halabelarriak eta bertaratutako lagunak.
Izan ere, 18:00etatik aurrera Gala Bedi ekitaldiaren bigarren edizioa egingo dute Gasteizko Gaztetxean; lehenengo eta azken edizioa 2018an ospatu zen, Jimmy Jazz aretoan, eta ondoren Covid-19aren pandemia iritsi zen. Aurtengo Gala Bedi 40 urte: gure patatatik zuenera lelopean ospatuko dute, eta halabelarrien gozamenerako askotariko eskaintza izango da.
Adibidez, lau hamarkadako ibilbidea ospatzeko dokumental bat estreinatuko dute bertan, 18:00etan. Ondoren, 20:00etatik aurrera, Katu, Tatta, Mutiko eta Densoren kontzertua izango da Gaztetxeko oholtza gainean. Azkenik, kontzertuaren ostean, Eromena eta Rosamari DJak arituko dira musika jartzen.
"Lau hamarkada pasata ere, komunikabide libreak behar-beharrezkoak dira erakusten digu egunero errealitateak. Horregatik, gure lanarekin jarraitzeko beharretik eta ilusiotik ekiten dugu. Urtean zehar okupazio, autogestio eta asanblearismo munduko Gasteizko eragileekin batera abiatu dugun kanpainaren baitan dago jaialdi hau ere", azaldu dute Hala Bediko kideek.