Isuna jarriko diote eskailera mekanikoak mantentzen dituen enpresari

Erredakzioa 2023ko aza. 15a, 16:50
Udalak dio enpresak ez dituela baldintzak bete. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

6.000 euroko zigorra onartzekoak dira ostiraleko gobernu batzordean. Udalaren arabera, enpresak 40 hutsegite egin ditu.

Gasteizko Udalak Alde Zaharreko arrapala mekanikoen eta igogailuen mantentze lanen ardura duen enpresari 6.000 euroko isuna jarriko dio, erakundeak ohar batean iragarri duenez.

Ostiraleko gobernu kontseiluan onartzekoak dira Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailak proposatutako bi zigor espedienteak. Udalaren arabera, azpiegitura horren mantentzearen esleipena duen enpresak ez du kontratua bete. 

Beatriz Artolazabal zinegotziaren hitzetan, enpresak ez ditu udaberrian atzemandako matxurak konpondu, eta "egoera txarrean dauden piezak ordezkatzeko garaian" ez ditu kontratuan adostutako baldintzak bete. Dioenez, enpresak 40 hutsegite egin ditu mantentze kontratuan, eta horietako gehienak "larriak" izan dira. Besteak beste, uztailean Bakardade kantoiko eskailerak hilabete osoan egon ziren matxuratuta, eta Apaizgaitegiko kantoiko igogailua hamar egunez baino ez zen egon erabilgarri.

Artolazabalek nabarmendu du ez dela "onargarria" mugikortasun arazoak dituzten lagunentzako funtsezkoak diren zerbitzuetan horrelako gorabeherak egotea. "Hiriaren zati honetan, adineko pertsona ugari bizi dira eta, arrapalei edo igogailuei esker, osasun zentrora irits daitezke", erantsi du. Zinegotziak iragarri duenez, auditoretza bat eskatu dute, bai eta beste zenbait txosten tekniko ere. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide