Gasteizko Antzerkiaren Nazioarteko Jaialdiaren baitan, tokiko taldeen txanda iritsiko da azaroaren 23tik 26ra, Off Lokal zikloari esker. Aurten, hiru konpainia gasteiztar, Kuku Bazar, Larrua Proiektua eta Ekoma Teatro taldeak, izango dira bertako eskaintza hiriko antzoki nagusira, Principal Antzokira, eramateko arduradunak.
"Tokiko sorkuntza eszenikoaren aldeko apustu irmoa" da Off Lokal, Sonia Diaz de Corcuera Kulutra zinegotziak aldarrikatu duenez; "espazio ez konbentzionaletan antzezlan labur ezezagunak sortzen laguntzeko tokiko konpainiei babesa emateko sortutako programa". Bertako sorkuntza lanak "gertutik eta intimitatean" ikusi ahal izatea da helburua, eta horregatik emanaldi bakoitzeko batez besteko ikusle kopurua 25ekoa izango da.
Guztira zortzi saio izango dira, bi ordutegitan: 19:00etan eta 19:30ean, azaroaren 23an, 24an, 25ean eta 26an, San Prudentzio kaleko 29. zenbakian, Principal Antzokiaren parean. Sarrerak dagoeneko salgai daude Principal Antzokiaren webgunean.
'Shot the target'
Larrua Proiektuak Shot the target eskainiko du, aldaketaren, mugimenduaren eta eraldaketaren inguruko dantza ikuskizuna. Ikuskizunaren koreografoa Jordi Vilaseca da, eta Aritz Lopez dantzariarekin batera izango da agertoki gainean, antzezle gisa. Horiekin batera, Luis Miguel Coboren musika eta Xavier Mujikaren jantziak izango dira.
Sinopsia: Beti mugitzen gara, mugimendua eteten digute, eta, hala ere, mugitu egiten gara. Deseraiki egiten gara, deformatu eta gure forma naturalak aldatzen ditugu. Gatazkatik norberarekiko eta norberaren gorputzarekiko bakera. Hori ukatzetik baieztatzera eta norberak bere burua onartzera arteko bidea jasotzen du. Mugitzen ari diren gure bizitza propioen mapak eta paisaiak gara. Gure mezuen kanala izateko modua bilatzen dugu, hartzaile bat, jomuga bat, xede bat edo helburu bat bilatuz.
'Pez de luz'
Bestalde, Kuku Bazar taldeak diziplina anitzeko apustua eskainiko du Pez de luz lanarekin. Lantaldea osatzen dute Mary Zurbano testuaren egile eta antzezleak, Carmen San Esteban zuzendariak, Marina Ruiz mugimenduaren arduradunak eta Sheila Blanco musikaren arduradunak.
Sinopsia: Klarak olatuak ditu bularretan, hegoak edoskitzen dizkioten olatuak. Clarak itsasoak bezalako ametsak ditu; eskutxo erregutzailez betetako itsasoak, mihiaren azpian gatz eta ahanztura zaporea uzten diotenak. Hondoratze bakoitzean, ur gainean daude, bata bestearen aldamenean, arrainaren negarra eta bere sukar ileak. Bera gatza bezain zuria zen, bera izaki iheskorra, ia gardena; argi-hari hauskor bati gaizki lotutako arraina. Orain, itsaso guztia bere barruan dago, kanpoan. Eta emakumea erotu egin zen arrain bat izan zuelako. Eta maitatzen asmatu zuelako, burutik eginda geratu zen.
'Un peu de mélancolie'
Hirugarrenik, Ekoma Teatro Un peu de mélancolie antzezlanarekin iritsiko da. Aitor Perezen zuzendaritzapean, bera eta Javier Liñera izango dira antzezleak, eta dramaturgia lana ere biek egin dute.
Sinopsia: Gaur egungo gizartea islatzen du, eszenara eramanda: "Homo laborens, errendimenduaren, laneko auto-esplotazioaren eta happykraziaren gizartea. Bizi-nekea, buruko gaixotasunak eta arimaren bihotzekoak. Sei koadro eta epilogo bat. Bi pertsonaia eta malenkonia pixka bat.