80. hamarkadako Bilbora jauzi egingo du Orbainek, Niko Vazquezen eskutik

Erredakzioa 2023ko aza. 15a, 10:00

'Make Bilbao grAI again' libururako sortutako argazkietako bat. Irudia: Niko Vazquez

Adimen artifiziala baliatuz, 80. hamarkadako Bilbo hirian oinarritutako 160 irudi birsortu ditu Niko Vazquez Grafismo musikari eta artistak 'Make Bilbao grAI again' liburuan. Ostiralean aurkeztuko du Orbain Kultur Elkartean.

Lokaleko arazo teknikoen ondorioz momentuz zuzeneko kontzerturik antolatu gabe jarraitzen duen arren, Orbain Kultur Elkartea bestelako kultur jarduerak antolatzen ari da ikasturte hasieratik: dokumentalen proiekzioak, hitzaldiak, liburu aurkezpenak... Joan den astean, gainera, punk-rock musika eta kultura sustatzeko elkartearen VIII. urteurrena ospatu zuten, besteak beste Ojodekuervo grafitigileak lokaleko sarreran egindako mural berria aurkeztuz.

Aste honetan, adibidez, Euskal Rock Erradikalak zipriztindutako 80. hamarkadako Bilbora bidaiatu dute Navarro Villoslada kaleko 8. zenbakitik. Asteartean, Doku-mental zikloaren barruan, bi dokumental eskaini zituzten: Eriz Zapirainen Salda badago eta David Saenzen Cuando la noche caía sobre Bilbao.

Baina gaiaren inguruan antolatutako egitarauaren plater nagusia ostiralean, azaroaren 17an, iritsiko da. 19:00etatik aurrera, Orbainen izango da Niko Vazquez Grafismo musikari, artista, sortzaile eta diseinatzaile grafikoa, bere lehenengo liburua aurkezteko: Make Bilbao grAI again (Egin Bilbo grisa berriro). MCD eta Motorsex taldeetako baxu-jotzaile izandakoak 70. eta 80. hamarkadako Bilbo Handia birsortu du, bere haurtzaro eta gaztaroko ingurunea, Adimen Artifizialeko (IA) zenbait tresna baliatuz; nagusiki, Midjourney eta Leonardo, Photoshopekin finduta.

"Benetako argazkiena baino errealagoa dirudi. Kanpotik begiratuta, giro apokaliptikoa zirudien, baina barrutik joko-zelaia zen", aldarrikatu du Vazquezek, eta 165 orrialdetan zehar testuz lagundutako 160 irudi eskaini ditu, guztira sortutako 10.000 argazkietatik; hau da, sortutakoaren %95 inguru baztertu du.

Liburua sortzeko prozesua ez du bakarrik egin. Horregatik, bidelagun izandako Zorrotz argitaletxeko Igor Meltxor ere Orbain Kultur Elkarteko aurkezpenean izango da.

"Zabor ugari, eta tartean-tartean, magia"

Horixe baita, hain zuzen ere, Vazquezen arabera, erabilitako teknologiaren funtzionamendua: "Testu baten bitartez deskribatzen duzu sortu nahi duzun irudia. Parametro batzuk zehazten dituzu; nolabait, sistema gidatzen duzu buruan daukazun irudia sor dezan. Inoiz ez duzu lortzen benetan nahi duzuna. Zabor asko sortzen da. Fintzen eta fintzen joan behar duzu buruan daukazun irudira gerturatu arte. Sortzen diren ehun iruditik hamar baino gutxiago gerturatzen dira nahi duzunera".

BIDEOAK

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago