Hauek dira Gazte Sortzaileak bekaren aurtengo irabazleak

Erredakzioa 2023ko aza. 14a, 13:00
Aitziber Jimenez de Aberasturi, Nefer Olaizola eta Mitxel Elortza. ALEA

Aitziber Jimenez de Aberasturi, Nefer Olaizola, Mitxel Elortza eta Marta Berganzo dira euskarazko sorkuntza bultzatzeko Gazte Sortzaileak bekaren aurtengo irabazleak, 25 eta 35 urte bitarteko kategorian.

Gasteizko Udalak astearte honetan jakinarazi ditu Gazte Sortzaileak beka deialdiaren irabazleak: Aitziber Jimenez de Aberasturi, egunerokotasunari buruzko Ogi beltza podcastarekin; Nefer Olaizola, Enbor bereko ezpala performancearekin; Mitxel Elortza, Aneren abenturak mahai-jokoarekin; eta Marta Berganzo, Gure kutxa antzezlanarekin.

Lau gazteak 25 eta 35 urte bitarteko kategoriako proiektu irabazleen egileak dira, eta orain sei hilabeteko epea izango dute beren proposamenak hezurmamitzeko.

Saridunek 4.000 euro arteko laguntza ekonomikoa jasoko dute, eta nahi izanez gero, aholkularitza profesionala izango dute sorkuntza prozesuan. Prozesu osoa euskaraz egiteko konpromisoa hartu dute irabazleek, sormen fasetik hasi eta gauzatu arte. Gainera, deialdiaren oinarrien arabera, euskararen ahozko adierazpenak proiektuaren muina izan behar du, eta kultura euskaldunari ekarpena egiteko helburua izan behar dute.

2022ko uzta

Gazte Sortzaileak 16 eta 35 urte bitarteko gazteen artean euskarazko sorkuntza sustatzeko beka deialdia da. Urtero antolatzen dute Gasteizko Udaleko Euskara eta Gazteria zerbitzuek, Arabako Foru Aldundiaren Euskara Zerbitzuarekin elkarlanean. 2022ko deialdiaren lan irabazleen aurkezpenak laster iritsiko dira; oraingoz, honako hauek iragarri dituzte:

  • Azaroak 22, asteazkena: Irati Antiaren Azukre beltza erakusketa, Labe Gazte Laborategian (San Vicente Paul kalea, 21).
  • Abenduak 16, larunbata: Sara Berasaluce eta Yone Estivarizen Mahai bueltan proiektua.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide