Ehunka lagun bildu dira Gasteizen PPk amnistiaren kontra deitutako mobilizazioan

Erredakzioa 2023ko aza. 13a, 06:00

Igandeko elkarretaratzea, Urrezko Zeledonen plazan. Argazkia: @PPvasco

Alderdi Popularrak Espainiako Estatu osoan deitutako mobilizazioen testuinguruan, 400 pertsona bildu dira Gasteizko elkarretaratzean, PSOEk eta alderdi independentista katalanek adostutako Amnistiaren Legearen aurka protesta egiteko.

Ostiral honetan, azaroaren 17an, osoko bilkura egingo du Gasteizko udalbatzak. Aurreko egunetan, asteazkenean eta ostegunean, Pedro Sanchez (PSOE) berriz ere Espainiako Gobernuko presidente izendatzeko inbestidura saioa egingo dute Espainiako Kongresuan. Azken asteetan lortutako akordioei esker, Sanchezek gehiengo osoa izango du, besteak beste alderdi independentista eta nazionalisten babesarekin. Horretarako, sozialistek Procésaren harira auzipetutakoen amnistia ezartzea adostu dute alderdi katalanekin.

PPk Espainiako Estatu osoan antolatutako protesten testuinguruan, joan den igandean, azaroaren 11n, 400 pertsona bildu dira Gasteizen —Udaltzaingoaren datuen arabera—, Urrezko Zeledonen plazan, Espainiar guztien berdintasunaren alde - Amnistiarik ez lelopean. Bertan izan dira, besteak beste, Javier De Andres EAEko PPren presidente berria, Iñaki Oiarzabal Arabako PPren presidentea, Ainhoa Domaika Gasteizko PPren zinegotzia bozeramailea eta Amaia Martinez Vox-eko legebiltzarkidea. "Espainiak ez du amorerik emango", aldarrikatu du TVEko kazetari Miguel Angel Idigorasek, mobilizazioaren amaieran irakurritako manifestuan.

Gainera, ostiraleko osoko bilkuran, PPren Gasteizko udal taldeak Amnistiaren Legearen tramitazioa arbuiatzea eskatuko die beste alderdiei: "Atzerakada demokratikoa, bidegabekeria juridikoa eta lurraldeen eta herritarren arteko desberdintasuna suposatzen du", ohartarazi du Ainhoa Domaika PPko bozeramaileak. "PSOEko alkate Maider Etxebarriak bere iritzia eman behar du bere alderdia egiten ari denaren aurrean, gure demokraziaren aurkako erasoa baita, gasteiztarroi eragiten diguna eta aurrekaririk ez duena".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago