"Genozidio sionista" salatu dute Gasteizen, Palestinarekiko elkartasunez

Erredakzioa 2023ko aza. 13a, 13:30

Larunbateko manifestazioa, Andre Maria Zuriaren plazan. Argazkia: @Palestinarekin

Milaka lagun bildu dira berriz ere Gasteizen, Palestinarekin Elkartasuna ekimenak larunbatean deitutako manifestazioan. Irtenbidea "deskolonizazio prozesu baten bidez Israelgo erakunde sionista desegitea" dela aldarrikatu dute.

Urriaren 28an, Euskal Herri osotik iritsitako 10.000 pertsona baino gehiago elkartu ziren Bilbon, Palestinarekin Elkartasuna herri ekimenak "Estatu sionistaren genozidioa salatzeko eta palestinar herriaren erresistentziarako eskubidea defendatzeko" antolatutako manifestazioan.

Martxan jarritako mobilizazio zikloari segida emateko asmoz, mobilizazio gehiago egin dituzte larunbatean, azaroaren 11n, Gasteiz, Bilbo, Iruñea, Hendaia, Irun eta Maulen, manifestazio nazional deszentralizatu gisa, Gora palestinar erresistentzia! Sionismoa genozida! lelopean. Arabako hiriburuko mobilizazioa 18:00etan abiatu zen, Bilbo plazatik.

Manifestazioaren amaieran, "Palestinarekiko elkartasun uholdea geldiezina" dela azpimarratu du Palestinarekin Elkartasuna ekimenak: "Palestinarren erresistentziarekiko eta Estatu sionistaren desegitearen aldarriarekiko babes zabala dago Euskal Herrian, baita Palestinako herriaren genozidio sionistarekin gobernu zein erakundeen lankidetza eta konplizitatea salatzeko orduan ere".

Hala ere, aitortu dutenez, "elkartasun hori ez da nahikoa izaten ari Gazako genozidioa gelditzeko". Palestina osoan egoera "gero eta gogorragoa eta latzagoa" dela ohartarazi dute, "herri baten sarraskia" ikusten ari baikara. "1897tik, sionismoa Palestina mapatik ezabatzen saiatu da; eta horrekin batera, bere herria. Gazan gertatzen ari dena plan horren parte da: gazatarrak Sinaira kanporatzea, ondoren Zisjordania eta 48ko lurraldeetan bizi diren palestinarrekin jarraitzeko", salatu dute.

"Guk ez dugu beste alde batera begiratuko. Ez dugu herri palestinarra bakarrik utziko Palestinaren kolonizazioaren aurkako borrokan. Herri palestinarrarekiko elkartasuna indartzeko unea da. Gure auzo, komunitate, herri eta hirietan antolatu behar dugu. Estatuei eta euskal erakundeei presioa egin behar diegu sionismoarekin era guztietako harremanak eten ditzaten", aldarrikatu dute.

"Espainiako Gobernua berriro inbestitzeko atarian daudela, eskuineko zein ezkerreko alderdiei sarraskiaren konplize direla adierazi behar diegu. Eta Palestinan kolonialismo sionistarekin irabaziak lortzen ari diren enpresen aurka ere mobilizatu behar dugu", gaineratu dute.

Azkenik, argi adierazi dute zein den, Palestinarekin Elkartasuna ekimenaren ustez, gatazkaren konponbidea: "Palestina libre izango da edo ez da izango. Guretzat, irtenbidea Israelgo erakunde sionistaren desegitea da, deskolonizazio prozesu baten bidez; Palestina askea eraikitzea, ibaitik itsasoraino; palestinar errefuxiatuen itzulera; eta preso politiko palestinar guztien askatasuna".

Argazkia: @Palestinarekin

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago