Ikertzaileen hipotesi nagusia da indarkeria matxistako beste krimen bat izan dela, indarkeria bikarioaren bidezkoa; hau da, seme-alaben bidez emakume baten aurka erabiltzen den indarkeria.
Amak astelehenean salatu zuen haurraren desagerpena; emakumea Lizarran bizi da, eta semearen aitarengandik bananduta dago 2021etik. Goizean, Lizarra Ikastolara joan zen semea jasotzera, eta bertan jakinarazi zioten ez zela eskolara joan.
Guardia Zibilak, suhiltzaileek, Foruzaingoak eta Ingurumen Zaindegiak osatutako dispositibo batek bilaketa abiatu zuen Urbasa mendilerroan, aitaren furgoneta Pilatoseko balkoiaren inguruan aurkitu ondoren. Han aurkitu zituzten aitaren eta semearen gorpuak.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.