Amaia Barredok garrantzia kendu dio inputazioari

Erredakzioa 2023ko azaroaren 7a

Amaia Barredo Mugikortasun Astearen aurkezpenaren egunean. GASTEIZKO UDALA

Arabako Batzar Nagusietan egindako agerraldian berretsi du ez ziola ahaldun nagusiari jakinarazi Gasteizko epaitegi bat ikertzen ari dela, Fiskaltzaren salaketa baten ondorioz.

"Sailburuorde ohi honek eta, jakina, bere zuzendariak zintzotasunez eta legearen arabera egin dugu gure lana. Ez dugu legearen koma bat ere urratu. Sinatu diren ingurumen baimen guztiak, asko dira eta oso konplexuak, talde tekniko eta juridikoen berme eta aholkularitzarekin sinatu dira", azpimarratu du Ingurumeneko foru diputatu Amaia Barredok. Oposizioko taldeek agerraldia eskatu zutenetik ia bost hilabete igaro ondoren, Barredo bera eta Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia Arabako Batzar Nagusietan izan dira, astelehenean, Barredoren aurkako prebarikazio akusazioei erantzuteko.

Ekologistak Martxan taldeak egindako salaketa baten ondorioz ireki du ikerketa Fiskaltza; salaketa horrek zalantzan jartzen du Barredok Bergaran hondakin planta bat jartzeko emandako baimena. Fiskaltzaren ikerketa zabaldu zenetik, Barredok lasaitasuna agertu du, argudiatuz bere erabakia argudio tekniko eta juridiko sendoek babestu dutela.

Jarrera berdina mantendu du Arabako Batzar Nagusietan egindako agerraldian, eta berretsi du foru diputatu kargurako proposamena egin ziotenean ez ziola Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiari jakinarazi Gasteizko epaitegi bat ikertzen ari dela, auzia ezerezean geratuko delako: "Ziur nago auzia artxibatuta amaituko dela", esan du, eta gaineratu du: "Nik ez dut prebarikaziorik egin. Oso gaizki sentitu naiz. Nahiz eta oso lasai nagoen zintzoa izan naizelako, ez naiz errespetatua sentitu", esan du.

Ahaldun nagusiaren babesa

Barredoren aurretik, ahaldun nagusiak Ingurumen diputatua defendatu du. "Ez dago inolako ikerketa judizialik Amaia Barredoren aurka", azpimarratu du Gonzalezek, eta onartu duen gauza bakarra da erakunde ekologista batek bere garaian salaketa bat helarazi ziola Fiskaltzari, baina berari ez zaiola jakinarazi auzitegiek "tramiterako onartu dutenik". "Ziur naiz Barredok legea errespetatzen duela beti», adierazi du.

Oposizioko alderdiak, EH Bildu, Elkarrekin-Podemos eta PP bat etorri dira auziaren kudeaketa kritikatzean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago