Zaborrontziak egokituko ditu Gasteizek, haizeak bota ez ditzan

Erredakzioa 2023ko urriaren 27a

Neodimiozko imanak lurrean txertatutako xaflen gainean itsatsiko dira. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Zabalganean hasi dira jartzen neodimizko imanak dituzten lehen aleak. Mendizabalako Lanbide Heziketako ikasleek garatu dute sistema.

Toki haizetsuenetan dauden zaborrontziak iraul ez daitezen "sistema berritzaile" bat martxan jarriko duela iragarri du Gasteizko Udalak. Horretarako, plastikozko hankak beharrean, neodimiozko imanak jarriko dizkiete ontziei, lurzoruari eutsitako metal xafla baten gainean ipinita. 

Zabalganean hasi dituzte lehen probak, Mariturri bulebarreko 30 zenbakian dauden ontzietan. Ondoren, hiriko beste zenbait lekutan hasiko dira jartzen, udalak erosi dituen 300 kitak jarri arte. 

Irtenbidea "erraza" eta "ekonomikoa" dela argudiatu du udalak, eta nabarmendu du ere bateragarria dela egungo bilketa sistemekin. Zentzu horretan, kamioien moldeekin bi altxatze proba egin dituztela argitu dute. 

Mendizabalako Lanbide Heziketako ikasleek garatu dute sistema, Tkgune izeneko proiektuaren barruan. Udalak ezagutarazi du sistema hori EAEko eta Espainiako zenbait hiritan probatzen ari direla dagoeneko, bai eta Frantziako Marseilla hirian ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago