Aurtengo edizioko Manuel Lekuona Saria Iñaki Martinez de Luna (Gasteiz, 1950) arabarrak jasoko duela iragarri berri dute Eusko Ikaskuntzako ordezkariek. Modu honetan, bere ibilbide profesionalean zehar euskal komunitate globalarentzat egindako ekarpenaren garrantzia aitortu nahi izan zaio Martinez de Lunari.
1983az geroztik, Manuel Lekuona Saria jaso dutenen zerrenda euskal kulturan entzutetsuak diren izenez josia dago, besteak beste: Jean Haritschelhar, Micaela Portilla, Jorge Oteiza, Montxo Armendariz, Xabier Amuriza, Joan Mari Torrealdai, Sabin Salaberri edota Odon Apraiz izan dira sarituetako batzuk.
Aurtengo edizioan aurkeztutako hautagaiak, berriz, Javier Busto musikaria, Xabier Egaña margolari eta artista, Iñaki Gaminde hizkuntzalaria, Agurtzane Intxaurraga aktore eta sortzailea, Xabier Otero argazkilaria, Gurutze Beitia aktore eta sortzailea eta Iñaki Martinez de Luna soziolinguistikan aditua izan dira.
Irabazlea aukeratzeko prozedura Eusko Ikaskuntzako bazkideen zein herritarraren bozketa bidez eta entitate ezberdinetako ordezkariek eratutako epaimahaiari egokitu zaio; azkenik, arabarra saritzea erabakiz. Irabazlearen izena gaur jakinarazi bada ere, Remigio Mendiburuk sortutako brontzezko eskultura batek irudikatzen duen Manuel Lekuona saria ekitaldi publiko batean emango zaio, oraindik zehaztu gabe dagoen egunean.
Jone Berriozabal Euskara diputatua, Iñaki Martinez de Luna eta Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako Lehendakaria.
Argazkia: Jaizki Fontaneda / FOKU
Ibilbide oso bati saria
Eremu akademikotik haratago, norbanakoek, Euskal Herriko errealitate ezberdinak islatuz, euskal kulturari egiten dioten ekarpena saritzea du helburu Manuel Lekuona Sariak, eta, zentzu horretan, arlo eta eremu ezberdin ugaritan jardundakoa da Martinez de Luna. Aitortza hori egin asmoz, Arabako Foru Aldundiak arabarraren hautagaitza aurkeztea erabaki zuen aurtengo edizioan, eta beste zenbait elkarte eta eragiletako ordezkariek hautagaitza hori berretsi egin zuten. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetzak, Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuak, Nafarroako Euskarabideak, EHUko Gabriel Aresti Katedrak, Soziolinguistika Klusterrak, Euskaltzaindiak, UEUk, Euskaltzaleen Topaguneak, Tokikomek, Garabide elkarteak, GEU Elkarteak edota Lazarraga Kultur Elkarteak adierazi zuten hautagaitzaren aldeko jarrera.
Hautagaitza proposamenarekin batera jasotako hitzetan, Martinez de Lunak egindako ekarpena goraipatu dute ordezkari ezberdinek. Hala, Euskararen Foru Zerbitzuburu den Jokin Larrañagak "pertsonak batzen jakin" duen aholkularia izan dela aitortu du, "hiztun berriak zentroan jartzeko ahotsetako bat" izan dela nabarmenduz eta "Araba eta Gasteiz periferian baino askoz erdirago daudela erakutsiz".
Gainera, "herrigintzaren ekarpena handia zela ulertuta", euskararen normalizazioan aurrera egiteko "esku-hartzeak metodologia baten barruan egin behar zirela" erakusten saiatu dela azpimarratu du Larrañagak. Zentzu berean, "gaur egun administrazioak eta euskararen gizarte mugimenduak elkarrekin jarduteko gogoa eta giroa baldin badago, Iñakiri zor diogu neurri handi batean", azpimarratu du Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuko buru Rakel Romerok.
Euskaltzaindiako Arabako ordezkari Roberto Gonzalez de Viñasprek ere Martinez de Lunak euskarari "aparteko dedikazio arretatsua eskaini" diola azpimarratu nahi izan du, "gure hizkuntzak gainditu behar dituen erronkez eta baliatu behar dituen aukerez hausnarrean eta ekinean" etengabe aritu dela gaineratuz.
Arlo teknikoari dagokionez, "soziolinguistika ikerketaren oinarri teorikoak eta irakurketa zientifikoak eskaini ditu", Josune Zabala HPS-ko Hizkuntza Ikerketa eta Koordinazio zuzendariak adierazi duenez, eta Paula Kasares, Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutuko Euskararen Sustapenerako Zerbitzuko zuzendariak "soziolinguistikan prestakuntza akademikorako zegoen gabezia betetzeko ezinbestekoa" izan dela gaineratu du.
Kurrikuluma
Soziologian lizentziatua, 1990ean lortu zuen Soziologiako doktoretza Deustuko Unibertsitatean. Eusko Jaurlaritzako Estatistika Zerbitzuko teknikari eta, ondoren, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteko arduraduna izan da lanbidez; aldi berean, EHUko irakasle asoziatu gisa ere jardun du, 1989tik 2015era. Errekonozimendua eta saria jasotzeko hautagaitza, halere, euskararen eta hizkuntza gutxituen erabilera sustatzeko lanean egindako ekarpenagatik jaso du Martinez de Lunak.
Soziolinguistikaren alorrean aitzindarietako bat izan da Euskal Herrian, eta euskararen alorrean: Soziolinguistika Klusterraren sortzaileetako bat eta bere lehen lehendakaria (2000-2004) izan zen, eta Bat Soziolinguistika aldizkariko zuzendaria (2012-2022); lehenago, Inguruak soziologia aldizkariko argitalpen batzordeko kidea izan zen (2001-2010).
Soziolinguistikako aditu gisa, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak gidatutako Topalabe taldeko kidea da sorreratik (2015-), Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko XVIII. Kongresuan talde eragileko kidea izan zen, eta Eusko Ikaskuntzako kide gisa, Auñamendi Eusko Entziklopediaren zuzendaria ere izan zen 2007-2013 bitartean. 2015eko uztailaren 17an euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak.
Aholkularitza lana ere egiten du hainbat erakunde publikotan: Arabako Foru Aldundiko Euskara Aholku Batzordeko kide da, Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoan aholkulari-batzordekide gisa parte hartzen du, EAEko Euskara Aholku Batzordeko kide da; Euskara 21 Batzorde-atal bereziko zuzendari izan da, Euskararen Adierazle Sistema osatzeko garaian zuzendaritza lanak egin zituen; eta ESEP Berritzeko Batzorde-atal bereziko zuzendari ere izan da.
Eusko Ikaskuntzako Asmoz Fundazioaren eta EHUren Hizkuntza Plangintza (Hiznet) gradu-ondokoaren sortzailea, zuzendaria eta irakaslea (2001-2015 bitartean), eta Eusko Ikaskuntzako Asmoz Fundazioaren LINGUANET Enpresetako Hizkuntza Plangintza ikastaroaren sortzaile eta zuzendaria (2004-2008 bitartean).
Gasteizko GEU euskara elkarteko kide ere bada, eta elkarteko lehendakaria izan zen 2013-2015 urteetan. Ondoren, Garabide elkarteko Kontseilu Nagusiko kide da 2017tik, eta, gobernuz kanpoko erakunde horretako lehendakaria da 2019tik. Ildo horretan, Garabidek sortutako Ikastaldia, HIBIL eta Aditu ikastaroetako irakaslea izan da.