Animalien presentzia baimenduko dute Gasteizko udal ezkontzetan

Erredakzioa 2023ko urriaren 24a

Mak, Kontxi eta Robertoren txakurra. Argazkia: Change.org

30.000 sinaduratik gora lortu ostean, Kontxi eta Robertoren txakurra, Mak, beren ezkontzan egongo da larunbatean. Hemendik aurrera, ezkonberriek haien maskota eramatea baimenduko du Gasteizko Udalak, zenbait baldintza beteta.

Kontxi eta Roberto urriaren 28an ezkonduko dira Gasteizko udaletxean, baina orain arte indarrean zegoen araudiak beren txakurra eramatea ukatzen zien. Duela egun batzuk, bikoteak sinadura bilketa bat abiatu zuen Change.org plataforman (Ez eragotzi Mak ezkontzan egotea!), eta hamar egunetan 34.165 atxikimendu lortu ditu.

Ezkontzear den bikotearen eskaerak jasotako babes zabala eta hedabideetan izandako oihartzuna ikusita, Gasteizko Udalak udal ezkontza zibilen araudia berrikusi du, unean-unean animalien presentzia baimentzeko. Hortaz, Mak txakurra Kontxi eta Robertoren ezkontzan izango da larunbatean, eta, gainera, bidea ireki du etorkizunean beste bikote batzuek gauza bera egin ahal izateko.

Erabakiak Alkatetza eta Osasun zerbitzuen berme juridikoa du. "Araudi espezifikorik ez dagoenez eta udal araudiak etxeko animaliak babesteko lege berrietara egokitu arte, zentzuzkoa dirudi animaliak ezkontzetara sar daitezen berariazko baimena behar izatea", azaldu dute udal teknikariek.

Nolanahi ere, ezkonberriek ezarritako osasun, gainbegiratze eta kontrol baldintzak bete beharko dituzte beren maskota eraman ahal izateko. Txakurren kasuan, honako hauek izango dira bete beharreko baldintzak:

  • Indarrean dagoen araudiko eskakizun guztiak betetzea; besteak beste, behar bezala identifikatuta, erregistratuta eta txertatuta egotea.
  • Animalia kontrolatuta egon beharko da, uhalarekin lotuta, garraiatzaile batean edo beste bitarteko batzuen bidez.
  • Portaera eta higiene egoera egokia izan beharko ditu txakurrak, bistako gaixotasun zantzurik, kanpoko parasitoen presentziarik, ezohiko jariakinik edo irekita dagoen zauririk gabe.
  • Ekitaldian zehar, ezingo zaio janari edo edaririk eman.
  • Muturrekoa erabiltzea derrigorrezkoa izango da arriskutsua izan daitekeen txakurra bada edo edukitze baldintza berezien mende badago.
  • Txakurrak ezingo die bertan daudenei molestiarik eragin edo elkarbizitza aztoratu.
  • Jabeen erantzukizuna izango da txakurrak udaletxeko instalazioetan eragin ditzakeen eta bertan dauden pertsonei sor diezazkiokeen kalteei aurre egitea.

Udal ordenantza, berrikustear

Gaur egun, Gasteizko Udalak Animaliak Babestea eta Edukitzea arautzen duen udal ordenantza du, 2013an onartutakoa. Araudi berrien arabera egokitzeko berrikusketa fasean dago orain, Eudeleko beste udal batzuekin batera, irizpideak bateratzeko eta araudi mailako egitura komuna izateko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago