Bi pertsona atxilotu dituzte Gasteizen emakumeak sexualki esplotatzeagatik

Erredakzioa 2023ko urr. 23a, 20:00
Biktimek 13 orduz lan egin behar zuten egunero, atseden egunik gabe. @DelGobPaisVasco

Espainiako Poliziak 68 urteko gizon bat eta 47 urteko emakume bat atxilotu ditu Gasteizko etxebizitza batean emakumeak prostituzioan aritzera behartzea egotzita. Biktima gehienak baliabiderik gabe eta egoera irregularrean zeuden.

Espainiako Poliziak bi pertsona atxilotu ditu Gasteizen, gizon bat eta emakume bat, "biktimen zaurgarritasun egoera larriaz baliatuz" prostituzioa eta sexu esplotazioko delituak egotzita.

Ikerketa uztailean abiatu zuen Arabako Atzerritarren eta Mugen Probintzia Brigadak, bezero baten salaketatik abiatuta. Prostituta baten sexu zerbitzuak kontratatu ondoren, lanean ari zen pisuko arduradunen partetik sexu esplotazioa jasaten ari zela kontatu zion emakumeak.

Ondoren, ikertzaileek jakin zuten etxebizitzaren arduradunak 68 urteko gizon bat eta 47 urteko emakume bat zirela, webgune baten bitartez sexu zerbitzuak eskaintzen zituztela, eta asteroko alokairua kobratzen zietela prostituzioan aritzen ziren emakumeei logelak erabiltzearen truke.

Halaber, agenteek deskubritu zuten emakume horietako gehienak baliabide ekonomikorik gabeko atzerritarrak zirela, egoera irregularrean zeudela, eta prostituzioan aritu behar zirela bizirauteko eta jatorrizko herrialdeetan beren familiei laguntzeko.

Lan baldintzei dagokionez, etxebizitzaren jabeek emakumeak behartzen zituzten egunero 11:00etatik 00:00etara lan egitera, 13 orduz, atseden egunik gabe. Ustez, lanegunaren hasieran, telefono mugikorrak ematen zizkieten, webgunearen bidez zerbitzuak zuzenean hitzartzeko eta, amaitutakoan, bikote arduradunari itzultzeko, jasotako deien eta mezuen trafiko guztia kontrolatzeko aukera izan zezaten.

Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren arabera, zerbitzu bakoitzean, emakumeek diru kopuru jakin bat kobratzen zioten bezeroari, eta diru guztia bi proxenetei ematen zieten. Eguna amaitzean, hitzartutako ehuneko bat jasotzen zuten emakumeek, eta hurrengo egunera arte etxebizitza utzi behar izaten zuten.

Gezurrezko ezkontza

Bi atxilotu nagusiez gain, Espainiako Poliziak 55 urteko beste gizonezko bat atxilotu du operazioan, legez kanpoko immigrazioari laguntzea leporatuta. Ustez, 3.000 euroren truke ezkondu zen sexu esplotazioagatik atxilotutako emakumearekin, bere egoera erregularizatu ahal izateko.

Hiru atxiloketak Arabako Probintzia Komisariako ikertzaileek nahikoa froga bildu ondoren eman dira. Ondoren, epailearen esku utzi dituzte hirurak, eta epaileak karguekin aske utzi ditu, dagokion epaiketaren zain.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide