Igande goizaldean, festan ibili ondoren, elkarrekin bizi diren etxera itzuli zen bikotea. Bidean eztabaida izan zuten; etxera iritsi zirenean, ustez, mutilak hainbat belarrondoko eman zizkion bikotekideari, eta bere borondatearen kontrako sexu harremanak izatera behartu zuen labana batekin mehatxatuz.
Handik gutxira, biktimaren familia, zerbait gertatu zitzaiola susmatuta, bikotearen etxera hurbildu zen. Bertan, senideei gertatutakoaren berri eman zien biktimak, eta familiak berehala deitu zuen Ertzaintzara. Bertaratutako patruilak ustezko erasotzailea atxilotu zuen, genero indarkeriaren arloko sexu askatasunaren kontrako delitu bat egotzita.
Sexu erasoagatik atxilotutako 20 urteko gaztea astelehen goizean utzi dute agintari judizialaren eskuetan, Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Gasteizko Epaitegian.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.