Tranbiak emakume bat harrapatu du Calasanz ikastetxearen parean

Erredakzioa 2023ko urriaren 19a

Suhiltzaileak, anbulantzia bat eta udaltzainak bertaratu dira. Argazkia: @BomberosVG

Florida kalean gertatu da ezbeharra, Calasanz ikastetxearen parean. 72 urteko emakumea tranbiaren azpian harrapatuta geratu da, eta suhiltzaileek askatu behar izan dute.

Ostegun honetan, 09:00ak aldera, Salburua auzora bidean zegoen tranbiak 72 urteko emakume bat harrapatu du Gasteizko Florida kaleko 96. zenbakiaren parean, Calasanz ikastetxearen inguruan. Udaltzaingoa, suhiltzaileak eta anbulantzia bat bertaratu dira, handik igarotzen ziren oinezkoen eta gidarien begirada harrituaren aurrean.

Emakumea tranbiaren azpian harrapatuta gelditu da, eta suhiltzaileek askatu behar izan dute, osasun langile eta udaltzainen laguntzarekin. Emakumeak zauriak zituen buruan, hanketan eta besoetan. Bertan artatu ostean, Santiago Ospitalera eraman dute anbulantzian.

Udaltzaingoa istripuaren nondik norakoak ikertzen ari da. Antza denez, emakumeak zebrabidea gurutzatu du tranbia gertu zegoela ohartu gabe. Tranbia-linea horren zerbitzua ordu laurden inguru eten behar izan dute.

Ez da bertan gertatutako lehen harrapatzea. Izan ere, bizilagunek behin baino gehiagotan salatu dute inguru horretan arriskua areagotu egin dela BEIa eta tranbia iritsi zirenetik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago