Beste familia bat etxegabetu dute Zaramagan

Erredakzioa 2023ko urr. 16a, 13:30

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak indarkeria matxistaren biktima izandako emakume bat eta bere hiru seme-alabak etxegabetu dituzte Zaramaga auzoan. Protestan ari ziren Etxebizitza Sindikatuko hainbat kideren aurka oldartu da Ertzaintza.

Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak eta Kontseilu Sozialistak beste etxegabetze baten berri eman dute. Astelehen honetako 10:30ak pasata, Zaramaga auzoko Guardiako Kuadrilla kaleko etxebizitza bateko atarian bildu dira sindikatuko hogei bat lagun, emakume baten eta bere hiru seme-alaben berehalako etxegabetzea salatzeko; etxegabetzearen unean, emakumea bakarrik zegoen.

Berehala, Ertzaintzaren zein Udaltzaingoaren hainbat patruila bertaratu dira. 10:56ak aldera, bildutakoen aurka oldartu dira ertzainak, ataria hustu eta familiaren kontrako etxegabetze agindua betearazteko asmoz. Bigarren karga baten ostean, 11:21ak aldera, etxebizitza utzarazi dute Udaltzaingoak eta segizio judizialak.

Etxegabetzearen aurkako protestaren harira, gutxienez bi lagun identifikatu ditu Ertzaintzak. Gainera, ertzainek hainbat zauritu eragin dituzte kargetan; horien irudiak zabaldu ditu Kontseilu Sozialistak.

Etxegabetzeen etetea

Ixone Santamaria Etxebizitza Sindikatuko bozeramaileak sare sozialetan azaldu duenez, duela bi egun jaso zuten emakumearen larrialdi deia, 48 orduko epean etxegabetuko zutela jakinarazteko. "Hiru aste baino gutxiagoan jaso dugun bosgarren larrialdi deia da", ohartarazi du Santamariak. Egoera horren aurrean, etxegabetze guztiak "berehala eta baldintzarik gabe" etetea exijitu du sindikatuak.

Gaurko etxegabetzeari dagokionez, Etxebizitza Sindikatuak salatu du emakumea zaurgarritasun egoeran dagoela, indarkeria matxistaren biktima dela, 2017an jada etxegabetua izan zela eta oraingoan alokairua ordaindu duen arren bota dutela etxetik. "Hori jabeek duten erabateko zigorgabetasunagatik baino ez da posible", kritikatu du Santamariak. Izan ere, emakumeak soilik bi eguneko epearekin izan du etxegabetzearen berri, "ordezkatua izateko eta prozedura errekurritzeko eskubide oro galduz".

"Jabeak Etikalia higiezinen agentziaren baliabideak erabiltzen dituen bitartean, eta jabeek jabeentzat egindako lege baten babesa duen bitartean, maizterra bakarrik dago", ohartarazi dute sindikatutik. "Erakundeek ez dute alternatibarik eskaintzen; gau bat aterpetxe batean, hori da dena. Bitartean, banketxeen, putre funtsen eta askotariko jabeen milaka etxebizitza hutsik daude".

"Horregatik hain garrantzitsua da antolatzea eta borrokatzea", azpimarratu dute, antzeko egoeran dauden pertsonei Etxebizitza Sindikatuarekin harremanetan jartzera animatuz. Arratsaldean, emakumeari lagunduko diote Gasteizko Udaleko Gizarte Zerbitzuetara, ostatu hartzeko alternatiba bat lortzeko asmoz. Momentuz, Gizarte Zerbitzuek ez dute dagokion informazioa jaso epaitegiaren eskutik, eta ez da lehen aldia.

IRUDIAK

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide