Desokupazio enpresa baten mehatxua salatu du Zaramagako familia batek

Erredakzioa 2023ko ira. 28a, 18:00

Etxebizitza Sindikatuaren agerraldia, Zaramagan. Argazkia: @EtxeSindikatua

Etxebizitza Sindikatuak salatu du desokupazio enpresa batek alokairuan bizi den familia bat ilegalki etxegabetu nahi duela Gasteizko Zaramaga auzoan. "Berehalako arriskua" dela eta, asanblada bat deitu dute ostiralerako.

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, sindikatuan antolatuta dagoen pertsona bat eta haren familia Zaramaga auzoko etxebizitza batean bizitzen hasi ziren, jabeari alokatuz "abusuzko klausulak zituen kontratu baten bidez". 2023ko urtarrilean, jabeak etxebizitza erreklamatu zuen erabilera propiorako.

Sindikatuaren arabera, erabilera propiorako ustezko behar hori egiaztatzeko dokumentazioa eskatu zion familiak, baina jabeak ez zuen dokumenturik bidali; maizterrak alokairua ordaintzen jarraitu zuen, eta jabeak dirua onartzen jarraitu zuen. Antza denez, maiatzean jabea etxebizitzara joaten hasi zen, "familiari etengabe enbarazu, mehatxu eta eraso eginez". Horrez gain, etxeko jabeak birritan aldatu zuen trastelekuko sarraila, eta, ekainaren hasieran, txerri baten burua eta hankak agertu ziren etxeko atearen aurrean.

Desokupazio enpresa

Testuinguru horretan, uztailean, Desokupación Legal izeneko enpresa bat harremanetan jarri zen sindikatuko kidearekin, etxebizitzatik alde egiteko konbentzitzeko; familiak salatu duenez, "laguntza ekonomiko txiki bat" ere eskaini zioten. Irailaren hasieran, enpresaren pegatina bat agertu zen etxebizitzako atean.

Une batetik aurrera, familiako kideak irainak eta mehatxuak jasotzen hasi zen, telefono bidezko audioen bitartez. Mezu horietan, desokupazio enpresako solaskideek adierazi zuten arazoa irailean konpondu nahi zutela "gaitz handiagoak saihesteko". Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez, astelehen honetan, irailaren 25ean, bi gizon agertu ziren atarian, familiari mehatxu eginez.

"Pertsona horiek etxera berriro joateko eta gure kidea eta haren familia indarrez kanporatzen saiatzeko arriskua dugu", ohartarazi dute. "Argi utzi nahi dugu etxegabetze saiakera legez kanpokoa dela, familia etxebizitzan bizi baita kontratuarekin eta alokairua ordainduta. Jabea, desokupazio enpresa hori kontratatzean, legez kanpoko etxegabetze bat egiten saiatzen ari da".

Jarduera parapoliziala

Etxebizitza Sindikatuaren ustez, "argi dago desokupazio enpresa horien izaera faxista: jabe handiek eta, batez ere, jabe txikiek kontratatzen dituzte, legez kanpo eta parapolizialki jarduteko".

"Estatua iristen ez den lekura heltzen da faxisten indarkeria. Inpunitate osoz jarduten dute, bai okupazio kasuetan, bai maizterrak legez bizi diren kasuetan. Indar polizialek, instantzia judizialek eta administrazioek ahalbidetzen dituzte jarduketa horiek, prozesu orokor bat bultzatzen dutelako: proletalgoa errentagarriak ez diren etxebizitza modalitateetatik kanporatzea; ez ordaintzeagatiko etxegabetzeak exekutatuz edo enpresa horiei legez kanpoko jarduteko aukera emanez", salatu dute.

Gainera, sindikatuaren aburuz, "proletarioen kriminalizazioaren arduradun" dira desokupazio enpresa horiek, "txiroa kanporatzeaz gain, prozesu hori justifikatu eta defendatuko duen testuinguru sozial bat sortzen laguntzen baitute".

Premiazko asanblada

Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak asanblada bat antolatuko du irailaren 29an, ostiralean, 19:00etan Zaramaga auzoko Fermin Lasuen kaleko 1. zenbakian, "berehalako arriskua dela eta". Horrez gain, antzeko egoeran dauden pertsona guztiei dei egin diete Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistarengana jotzera. "Desokuparen aurrean, ez erakundeek, ez epaitegiek, ezta are gutxiago ere poliziek, ez baikaituzte defendatuko", ohartarazi dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide