Gasteizera itzuli da World Press Photo izen handiko fotokazetaritza lehiaketaren 2023ko edizioa, mundu mailako biraren barruan. Montehermoso Kulturuneko ur-biltegian aurkeztu dute gaur, eta hilabetez bisitatu ahal izango da, azaroaren 15era arte, asteko egun guztietan, jaiegunak barne, 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara. Sarrera doakoa da.
Gatazka armatuak, ingurumena eta hura babesteko teknologiak, Afganistanen bizitzeko zailtasunak, hiyaba derrigorrez jantzi beharrari Teheranen aurre egiten dion neska gazte baten begirada tristea edo AEBetako musika azpigenero berriak... Bisitariek 30 kontakizun eta 160 irudi indartsu topatuko dituzte, 127 herrialdetako 3.752 kazetarik aurkeztutako 60.448 argazkiren artean hautatutakoak. Guztiek "kazetaritza grafikoaren sendotasuna eta beharra" argi erakusten dute, antolatzaileen arabera.
Aurtengo edizioko irabazle nagusia Evgeniy Maloletka berriemaile eta zinemagile ukrainarra izan da. Iryna Kalininak 32 urte zituen, eta erditzear zegoen Errusiak Mariupol hiriko (Ukraina) amategi bat erasotu eta bertan zauritu zuenean. Miron ("bakea") izeneko haurra hilik jaio zen, eta ordu erdi geroago Iryna bera hil zen. Ospitaleko hondarretatik eta gerraren hondamenditik leku seguru batera nola eramaten duten erakusten duen argazkia egin zuen Maloletkak, eta hura aukeratu du epaimahaiak, aho batez.
Iaz 12.000 bisita baino gehiago erakarri zituen World Press Photo erakusketak Montehermoso Kulturunera, eta aurten 21. aldiz itzuliko da Gasteizera. "Udazkeneko kultur panoramako ezinbesteko ekitaldia da dagoeneko. Fotokazetaritzako profesional handien lanez gozatzeko eta kontzientzia hartzeko aukera handia da", ospatu du Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak. Arabako hiriburuaz gain, Hanburgo, Amsterdam, Mexiko Hiria, Toronto, Taipei, Bartzelona edo Viena bezalako beste 60 hiritatik igarotzen da nazioarteko erakusketa.
Afganistani buruzko erakusketa
World Press Photo 2023 erakusketa nagusiarekin batera, Ebrahim Noroozi argazkilari irandarrak (Teheran, Iran, 1980) Afganistani buruz ondutako beste erakusketa bat ikusi ahal izango da Montehermoson: Munduko herrialderik tristeena eta emakumeentzako okerrena. 2021eko abuztuan AEBak buru zituzten nazioarteko tropak arrapaladan atera ziren Afganistandik, bertan 20 urte izan ondoren. Talibanen itzulerak sekulako atzerapena ekarri zuen. Noroozik 2022an zehar eta 2023ko aldi batean egindako dokumentazio lana ikusi ahal izango da erakusketan.
Mahai-inguru bat eta hitzaldi-tailer bat
Bestalde, Mugarik Gabeko Medikuak GKEarekin eta Gasteizko Udaleko Garapenerako Lankidetza Zerbitzuarekin elkarlanean, EnfocAH: fotokazetaraitza, migrazioa eta babesa mahai-ingurua egingo dute Montehermoson azaroaren 7an, asteartean, 19:00etan.
Hainbat gonbidatuk biztanleriaren mugimenduen, migrazio fenomenoaren eta errefuxiatuen estaldura mediatiko eta fotografikoari buruz hitz egingo dute: Cesar Dezfuli, fotokazetari eta World Press Photo sarietako baten irabazlea; Hanna Jarzabe, Poloniako argazkilari independentea; Ane Irazabal, migrazio kontuetan espezializatutako EITBko korrespontsala; eta Ivan Muñoz, munduko ibilbiderik arriskutsuenetako bat den Dariengo Tapoitik (Panama eta Kolonbia banatzen dituen muga) itzuli berri den Mugarik Gabeko Medikuak GKEko kazetaria.
Gainera, azaroaren 14an, World Press Photoren ohorezko aipamena duen Emilio Morenatti bi Pulitzer sariren irabazlearen hitzaldi-tailerra ere izango da Montehermoson.