Auzo Eszena: zero kilometroko arte eszenikoak urtearen azken txanparako

Erredakzioa 2023ko urriaren 11

Abenduaren 17an izango da 'Olentzero, salda bero!' euskarazko ikuskizuna. Argazkia: G.U.

Urritik abendura bitartean, umore, antzerki eta musikako zazpi ikuskizun eskainiko ditu Auzo Eszena zikloak, Gasteizko gizarte etxeetako antzokietan. Abenduaren 17an izango da euskarazko ikuskizun bakarra: 'Olentzero, salda bero!'.

Bueltan da Auzo Eszena, Gasteizko gizarte etxeetako agertokiak zero kilometroko arte eszenikoez betetzen dituen zikloa. Otsailetik maiatzera bederatzi ikuskizun eskaini ostean, urriaren 22tik abenduaren 17ra bitartean garatuko da udazken-neguko denboraldi berria. Aurtengo bi denboraldien artean, orotara hamasei obra aurkeztuko ditu zikloak.

Gasteizko antzerki talde zein artista ez profesionalek haur, gazte eta helduentzako umore, magia, bakarrizketa, komedia eta musikako zazpi ikuskizun —bakarra euskaraz— eskainiko dituzte Salburua, Aldabe, Arana, Zabalgana, Ariznabarra eta Arriagako gizarte etxeetan. Espektakulu guztiak igandetan izango dira, 19:00etan:

  • Urriak 22, Salburuan: Hirukide antzerki taldeak La madre que nos parió komedia aurkeztuko du.
  • Urriak 29, Aldaben: Las Milyuna taldeak Viaje a naufragio izeneko kontzertu poetikoa eskainiko du.
  • Azaroak 5, Aranan: Auskalhop taldeak publiko guztientzako obra prestatu du: La maleta mágica.
  • Azaroak 18, Zabalganean: Teatracho taldeak hartuko du lekukoa Pacto obrarekin.
  • Azaroak 19, Ariznabarran: No me claves tus puñales konpainiak Lentejas en su tinta umorezko lana aurkeztuko du.
  • Azaroak 26, Arriagan: Tadirek bakarrizketa lotsagabeak taularatuko ditu Tuco con mangas obran.
  • Abenduak 17, Salburuan: Gurualia taldeak itxiko du programa, Olentzero, salda bero! euskarazko lanarekin.

Sarrerak urriaren 11tik aurrera erosi ahal izango dira, gizarte etxeetan, udal kirol instalazioetan (frontoietan izan ezik) eta Internet bidez Gasteizko Udalaren webgunean, ikuskizun bakoitza hasi baino ordubete lehenago arte. Prezioa 3 edo 5 eurokoa izango da.

Agertokira igotzeko aukera

Auzo Eszena programa Kultura Zerbitzuak 2022ko urrian abian jarritako deialditik sortu zen, bertako antzerki konpainiek eta artista ez profesionalek euren lanak publiko aurrean aurkezteko helburuarekin. Otsailetik maiatzera bitartean, 1.283 ikusle bildu ziren zikloak proposatutako hitzorduetan.

"Programaren helburua da arte eszenikoetako taldeei eta artistei agertokira igotzeko eta haien lana publikoarekin partekatzeko aukera ematea. Egindako lana babesteko eta aitortzeko modua da. Gizarte etxeetako ekitaldi aretoak eta ikuskizuna taula gainera eramateko beharrezko azpiegitura jartzen dizkiegu guk, eta haiek talentua eta gogoa jartzeaz soilik arduratu behar dute", azaldu du Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak.

EGITARAUA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago