Alaves-Betis partidaren aurreko istiluak gaitzetsi dituzte PSE, PP, EAJ eta Elkarrekin taldeek

Erredakzioa 2023ko urriaren 10a

Alaves-Betis partidaren aurreko istiluak. Irudia: Whatsapp bidez

Gasteizko Udaleko talde politikoek, EH Bildu izan ezik, PPk sustatutako gaitzespen adierazpena babestu dute: "Jokabide oldarkor horiek ez dira inola ere onargarriak, eta ez dituzte ez futbolaren ez gure hiriaren balioak ordezkatzen".

Alaves eta Betiseko jarraitzaileen arteko liskarra jazo zen igandean San Martin auzoko Abendaño kaleko City Hall tabernan, bi taldeen arteko partidaren aurretik. Ustez, dozenaka kaputxadunek terrazan bilduta zegoen Betiseko jarraitzaile talde bati eraso egin zioten, horien artean eskuin muturreko hainbat ultra zeudela. Ertzaintzak 31 urteko gizonezko bat atxilotu zuen, agintaritzaren agentearen aurkako atentatua egotzita.

Astearte honetan, PPk proposatutako gaitzespen adierazpen bat sinatu dute Gasteizko Udaleko PP, PSE-EE, EAJ eta Elkarrekin taldeek, Eledunen Batzarrean elkartuta: "Real Betis taldeko zaleek pairatu dituzten erasoen aurrean, erabat gaitzesten ditugu jazoerak. Jokabide oldarkor horiek ez dira inola ere onargarriak, eta ez dituzte ez futbolaren, ez gure hiriaren, Gasteizen, balioak ordezkatzen", adierazi dute.

Halaber, "elkartasuna eta babes osoa" helarazi diete zaurituei, baita "azkar osa daitezen" opa ere. Bestalde, kafetegiko jabeei ere elkartasuna eta babesa adierazi diete lokalean jasandako kalteengatik. "Gasteiz hiri irekia eta abegitsua da, eta ez du inolako indarkeria motarik onartzen", aldarrikatu dute lau alderdiek.

EH Bilduk "kondena" hitzari uko egin eta adierazpenarekin bat egin ez duen arren, Rocio Vitero zinegotzi eta bozeramaileak gertatutakoa arbuiatu zuen igandean bertan: "Kirolarekin zerikusirik ez duten jarrera hauek guztiz onartezinak dira gure hirian eta edonon".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago