Boikot, Desinbertsioak eta Zigorrak (BDZ) nazioarteko mugimenduaren Euskal Herriko koordinakundeak elkarretaratzeak deitu ditu aste honetarako Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Iruñean, azken egunetako gertaeren aurrean Palestinako herriarekiko elkartasuna adierazteko eta "Israelen indarkeriaren gorakada" salatzeko, bai eta Israelgo estatuari boikota egitea eta desinbertsioak eta zigorrak ezartzea aldarrikatzeko.
Arabako hiriburuko mobilizazioa asteazkenean izango da, urriaren 11n, 19:00etan Andre Maria Zuriaren plazan, Palestina aurrera! Israeli boikot! lelopean.
"Palestinako erresistentzia indarrek, 75 urtez areagotu den okupazioaren eta errepresioaren aurka, operazio bati ekin diote kolonizazio israeldarraren etengabeko krimenei erantzuteko. Gaur inoiz baino gehiago, urgentziazkoa da herri palestinarraren erresistentzia borrokari elkartasun internazionalista adieraztea, Estatu sionistaren kolonizazioaren aurrean", adierazi du BDZ koordinakundearen parte den Askapena erakunde internazionalistak.
