Ikasturte berriarekin batera, programa berri bat aurkeztu du GEU Elkarteak: Zinez, Florida Zinemekin elkarlanean antolatutako zikloa. Oraingoz, helduentzako euskarazko hiru film eskainiko dituzte udazkenean: urriaren 26an, Errementari; azaroaren 23an, Dardara; eta abenduaren 14an, Soinujolearen semea.
Hiru proiekzioak ostegunetan izango dira, 19:00etan, eta sarrerak Florida Zinemen webgunearen bitartez erosi ahal izango dira, 2 eurotan.
Gainera, proiekzioen ostean, solasaldiak egingo dira: lehenengo hitzorduan, Errementari filmaren zuzendari Paul Urkijorekin; bigarren hizketaldia Marina Lameiro Berri Txarrak taldearen inguruko Dardara dokumentalaren egilearekin izango da; eta azkenik, Soinujolearen Semea (2018) filmaren ostean, Bernardo Atxaga jatorrizko eleberriaren egilearekin hitz egiteko aukera egongo da.
Euskarazko filmak, fokuan
"Euskarazko produktuen produkzioan eta kontsumoan eragiteko" asmoz antolatu dute ziklo berria, "euskal kultura sustatuz, hizkuntza aktibatuz eta ohituretan eraginez eremu ez-formal batean". GEU Elkarteko kideen ustez, "pandemiak zinema aretoen gainbehera ekarri zuen, baina azkenaldian berpizkunde polit bat ikusi da"; hori dela eta, "aproposa eta interesgarria" ikusi dute "euskarazko filmak fokuan jartzea".
"Gasteizen euskara erabili eta euskaraz bizitzeko aukerak areagotzea, euskarazko kulturaren kontsumoa areagotzea, euskara erakargarri egiten duten kalitatezko filmak eskaintzea, proiekzioen osteko solasaldien bitartez gai ezberdinen inguruan hitz egiteko aukerak sortzea, edota alor ezberdinetako adituak euskaraz hitz egiteko aukera eta ahalmenaz jabetzea" dira ziklo berriaren helburu nagusietako batzuk.
KARTELA
